Urte garrantzitsu baten lehen hitzordua izan dute gaur, astelehen goizean, Gasteizko euskaltzaleek: 10:00etan, Foruen plazan, Gasteizko Euskaraldiaren argazki ofiziala atera dute. Askotariko aurpegiek osatu dute argazki hori, Euskaraldia "aniztasunaren irudia" delako. Horregatik zinegotziak, erakunde publikoak, entitate pribatuak eta norbanakoak joan dira euskararen alde aurpegia ematera.
Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurten, Hitzez ekiteko garaia leloaren pean. "Pandemiak hustu dituen kaleak eta gogoak bete eta euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izaten ahaleginduko gara ekimen honen bitartez", nabarmendu dute antolatzaileek.
Gogora ekarri nahi izan dute aurten ere izango diren rolak: ahobizi eta belarriprest, norbanakoei dagokienez, eta, erakundeei begira, berriz, ariguneak izango dira tresna nagusia, euskaraz uneoro jardun ahal izatea bermatuko duten espazio bezala.