Hor nonbait, 1878ko dokumentu zahar batean, jasota dago gasteiztarrek jaietako blusekin duten maiteminaren jatorria. Antza, aspaldi horretan, txapel gorria eta brusa janzten zuten Gasteizko lehen zezen plazan 8. eta 9. ilaretan esertzen ziren gazte batzuek. Era berean, 1913ko Olarizuko erromerian, hainbat gaztek brusa zeramaten. Garai hartan, artisauen gremioekin lotutako jantzia zen brusa: tonu ilunetakoa jakien eta edarien saltzaileek erabiltzen zuten; grisak eta urdinak poliziek, ganaduen tratulariek edo mandatariek; eta zuria pintoreek eta eskultoreek.
Halere, diotenez, Gasteizko jaietako blusen kuadrilla garaikideen aurrekaria 1925. urtean dago. El Himeneo izeneko futbol talde bateko gazte batzuk Dato kalean kafe bat hartzen ari ziren, eta zezenketara joaten zen desfilearekin bat egin zuten; segizioari lagundu zioten, saltoka eta kantuan, zezen plazaraino. Ondoren, 1930eko hamarkadan, blusen kuadrillen kopurua handitu egin zen, eta Espainiako Gerraren etenaren ostean, 1943an, Gasteizko Udalak jaietako ekitaldietan lehenbizikoz blusen jarduera jaso zuen.
Jaietako kuadrillak izaten ari ziren arrakasta ikusirik, erabaki zuten blusek egun bat beren buruari eskaintzea; eta Santiago dataren inguruko egunak ez zituzten ausaz aukeratu. Abuztuko jaien aurreko egunak ziren, eta jai-giroa nabari zen egun horietan, batez ere Santiagoko eguna azoka egun handia zelako Gasteizen. Blusaren Egunaren lehen kalejira, beraz, 1945. urtean izan zen, uztailaren 22an; 32 kuadrillek parte hartu zuten, 600 kide baino gehiagorekin.
Blusaren Egunaren 1946. urteko edizioa, berriz, uztailaren 28an egin zuten. Tentsio handia sortu zen blusen eta hiriko prentsa atzerakoi frankistaren artean, eta blusek uko egin zioten gehiago ateratzeari, 1954ra arte, eta zezen plazako jardueretara mugatu ziren. Hala, Blusaren Eguneko zekorketaren protagonista bilakatu ziren blusak, eta horren antolaketaz arduratu ziren. Halere, polemika piztu zen berriro ere 1969. urtean, hiriko aginte frankistak blusak kontrolpean izan nahi zituelako. Ondorioz, 1970ean eta 1971n Blusaren Eguna berriro ere bertan behera geratu zen. Gerora, 1976an, martxoaren 3ko gertakariengatik ere ez ziren atera.
Nobillada bufoak
Blusaren Eguneko antzinako jaiaren ekitaldi nagusietako bat zezen plazan egiten zen nobillada zen, torero zaleekin. Zekorketaren buru izateko, Gasteizko neskak izendatzen zituzten blusek, mantelinak soinean zituzten manolak. Zekorketaren erdian –edo, batzuetan, gutxien espero zenean– parodia bat egiten zuten, aktualitateko gaien inguruan. Orduko blusak toreatzaile profesionalen paseak berdintzen saiatzen ziren, gehienetan lortu gabe. Sarritan, zekorra behin eta berriz hiltzen saiatzen ziren, ezpatarekin, eta, azkenean, animalia oinaze izugarrien artean hiltzen zen plazan. Kritika asko jaso ondoren, zekorketak egiteari utzi zioten, eta profesionalen zezenketak antolatzen hasi ziren.
Musika kalean
Florida parkeko kioskoa izan da dantza eta berbenak egiteko leku nagusia urte luzez. 1890. urtean eraikitako espazioak lehenengo banda militarrak eta ondorengo Gasteizko Udal Musika Banda jaso ditu. Blusaren Egunean, Floridako kioskoarekin batera, Prado parkea izaten zen bigarren musika espazioa, eta bertan izaten ziren txistularien alardeak. Gainera, blusen kalejiran, aldundiko eta udaleko txistulariak eta musika banda izaten ziren. XX. mendearen lehen erdian, hiriko aberatsek beste dantzaldi batzuetan parte hartzen zuten; aretoetan eta elkarteetako lokaletan antolatzen ziren, eta dotore jantzita, modu pribatuan gozatzen zituzten herriko jaiak, Circulo Vitoriano edo Casino Artista-Vitoriano zentroetan.
Blusaren Eguneko lehen pilota partida
Gasteizen, herriko jaietan bereziki, pilota izan da beti jaun eta jabe. XIX. mendearen amaieran, udalak pilota jaialdi bat antolatzen zuen, gaur egun Katedral Berria dagoen tokitik gertu zegoen plaza libreko frontoian. 1911n, berriz, San Prudentzio kaleko 5. zenbakian, pilotaleku ireki bat zegoen, Vitoriano izenekoa, eta pilotazale askoren topagunea izan zen. 1911n, Felicia Olabe ospetsua hil zen, eta oinordetzan utzi zizkion hiriari gerora frontoi gisa erabiliko ziren paretak eraikitzeko lursailak. Hiru urte geroago, Juan Alti enpresariak frontoiaren gainean estalki bat eraiki zuen, hiriko lehen katedral pilotazalea sortuz. Fronton Vitoriano horretan egin zuten, 1945ko uztailaren 22an, Blusaren Eguneko lehen pilota partida.