Neska eta Blusaren eguna

Jaiak, ate joka

Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 09:00

Berakatzak, jaun eta jabe. PHOT.OK

Guztira, 69 saltzaile izango dira Gasteizko baratxurien ohiko azokan. Bestalde, Santiagoko Nekazaritza azokan 66 postu izango dira. Kupelen lasterketa izango da goizean, eta Emakumezkoen Gasteizko II. Pilota Masterra lehen aldiz hartuko du Foru plazak.

XII. mendetik, hiria sortu zenetik, egiten zen Santiago eguneko azoka hiriko kale nagusietan. Blusen aurretik, herrialde osoko nekazari eta abeltzainen aldeko jaia zen Santiago. Alta, azoka garrantzitsuak hirurogeiko hamarkadaren hasieran garrantzia galdu zuen, makineria modernoa iritsi zenean; baina azokaren urrezko garaian postu ugari muntatzen ziren Erregearen Atean, San Frantzisko aldapan eta Plaza Berrian. Hala ere, arreta gune nagusia abeltzaintza azokan zegoen; 1950. urtera arte Frantzia kalean, autobus geltoki zaharreko orubeetan, eta ondoren, 1976. urtera arte, Nafarroako Errege-erreginetan. Ondoren, azoka Zurbaoko Ganaduaren Plaza berrira lekualdatu zuten.

Nekazaritza eta abeltzaintza azoka zahar hori bitan banatu da; alde batetik, San Frantzisko eta Erregearen Atea kaleetan jartzen den berakatzen azoka tradizionala bihurtu da, eta, bestetik, Unibertsitateko campusean dagoen nekazaritza eta abeltzaintza azoka dago.

Aurten, hasiera batean, San Bizente aldapan eta Aihotz plazan ere jarri behar zituzten berakatzen postuak, baina proposamen hori baztertu dute. Lekualdatzeko arrazoi nagusia Erregearen Ateko obrak ziren, eta oraindik hasi ez direnez, ez dago arazorik postuak beren ohiko lekura eramateko. Guztira, 69 saltzaile izango dira. Bestalde, Santiagoko Nekazaritza azokan 66 postu izango dira, eta gazta izango da elikagaien izarra. 

Kupelen lasterketa

Gasteizko Blusa eta Nesken batzordeak Blusa eta Neska Eguneko asto lasterketaren ordez, ardo upelen lasterketa egitea erabaki zuen 2016. urtean, udalak animalien lehiaketa errepikatzea debekatu ondoren. Astoen lasterketa 1962tik egiten zen. Guztira, 54 edizio izan ziren, eta 1976. urtetik Amarita herriko Gabriel Urruela ganaduzalearen astoei esker ospatzen zen. "Haurra nintzela, –gogoratu zuen Urruelak hedabide batean– lasterketak izaten ziren, bai, Hedegiletik, Aiztogiletik, Errege ataritik zezen plazaraino". Lasterketa debekatzeko eskatzen zuten urtero animalistek, "abereei sufrimendu fisiko eta psikologikoa eragiten dielako". Sindikoak berak ere lasterketa bertan behera uztea eskatu zuen.

Bada, astoak bakean utzi zituztenetik, beste lehiaketa bat hasi zen, eta horretan Basatiak kuadrillak garaipenen monopolioa du. Gasteizko Blusen eta Nesken batzordeak antolatzen dituen upelen lasterketaren ibilbideak aldaketak izan ditu lau urte hauetan. Aldatu ez dena kupel bakoitzaren pisua da, 57 kilo, eta saria 225 litro ardo. Aurtengoa, ardo upelen bosgarren lasterketa, Plaza Berrian hasiko da, 11:00etan; Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatuko dute, Mateo Moraza kaletik igoko dira, Lehendakari Agirre kalea pasatuko dute, eta Plaza Berrira itzuliko dira. Upelak bi lagunek bultzatuko dituzte, eta, ibilbidea amaitzen dutenean, taldeko beste bi laguni utziko dizkiete, bigarren txanda egiteko.

Emakumezkoak, pilotan

Halaber, denbora luzez antolatu gabe egon ondoren, 2017an berreskuratu zuen Arabako Pilota Federazioak Santiago Eguneko jaialdia, Ogeta pilotalekuan. Gainera, emakume pilotariak nabarmendu nahi izan dituzte azkeneko edizioetan jaialdi horretan. Aurten, Mendizorrotzetik Foru plazako frontoira mugituko da jaialdia, eta Emakumezkoen Gasteizko II. Pilota Masterra lehen aldiz hartuko du plazak. Txapelketak bi jardunaldi izango ditu. Finalerdietakoa uztailaren 25ean izango da, eta esku-pilotako bi partida jokatuko dira, 11:30etik aurrera, eta palako beste bi partida 18:00etatik aurrera. Bigarren jardunaldia, finala, Gasteizko jaietan bete-betean izango da abuztuaren 7an, 11:30ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago