Oihaneder, bigarren hankaren zain

Mirian Biteri 2019ko urr. 24a, 12:51

Bost urteotako ibilbidea eta etorkizunera begirako erronkak azaltzeko zein urteurrena jai giroan ospatzeko ekitaldia prestatu du ostiralerako Lazarragak.

Oihaneder Euskararen Etxeak bost urte bete ditu egunotan, eta urteurrena behar bezala ospatzeko, ekimena antolatu du egitasmoaren kudeaketaz arduratzen den Lazarraga elkarteak. Bi zatitan egongo da banatuta ospakizuna: 19:00etan, urteurren emanaldia egingo dute Oihanederreko Ortuño aretoan, bost urteotan erakunde ezberdinetako eta elkarlanean ibili diren eragileetako ordezkariekin eta baita erabiltzaileekin ere. Orain arteko ibilbidearen eta etorkizunera begirako erronka nagusienen errepasoa egingo diete bertara gonbidatutakoei. Ordubete beranduago, ospakizun irekia hasiko da Falerina tabernan, jan-edanekin eta musikarekin. Saio parte-hartzailea izatea da asmoa, eta hortaz, kultura eta euskara arloko lagun ezberdinek izango dute musika jartzeko aukera.  

Euskararen Etxeak orain bost urte betetzen baldin baditu ere, lehenagotik zebilen euskaltzale talde bat horretarako lanean.

2009an, Gasteizko Udalak euskara ardatz izango zuen azpiegitura bat egitea adostu zuen, eta martxan jartzea lortzen ez zutenez, hiriko kultura eta euskara arloko 30 bat lagunekin osatutako bilerak egiten hasi ziren; eta, horri jarraiki, 2011n Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko plataforma sortu zuten. Manifestu bat aurkeztu zuten lehenik eta behin, kultura munduko 100 lagunen sinadurarekin, Udalari hitza bete zezan eskatzen. Handik gutxira, Lazarraga kultura elkartea eratu zuten, aldarrikapenari izaera legala emateko. 

"Bi hankadun proiektua"

Hasieratik helburu bikoitza izan du Lazarraga kultura elkarteak. Horren harira, honakoa azaldu du bertako kide Iñaki Lazkanok: "Hasieratik erabaki genuen Gasteiz Kafe Antzokiaz gain, nahi genuela beste zerbait, eta hortik sortu zen Euskararen Etxearen ideia". Ordurako, bazeuden Euskal Herrian beste experientzia batzuk martxan, hala nola, Bilboko Kafe Antzokia, Durangoko Plateruena edo Elgetako Espaloia. Guztiak aztertu eta "onenaren bildumarekin" Gasteizerako bigarren egitasmo baten lehen urratsak egiten hasi ziren. "Horregatik esan dugu beti bi hankadun proiektua dela gurea. Kafe Antzokia Bilboko edo Durangokoaren antzekoa da, Euskal Herriko sortzaileei gune bat eskaintzeko azpiegitura egokitzea, batetik. Eta bestea izan dadila gehiago Gasteizen euskararen normalizazioan eragingo duen proiektu bat, euskarazko sormena bultzatzea, hiriko euskaltzaleen taldeak saretzea, komunitatea trinkotzea eta, azken finean, euskaldunen erreferente bilatzea helburu izango duena".    

Burututakoari forma eman eta Udalarekin negoziatzen hasi ziren. Euskararen Etxea Montehermoso Kulturunean martxan jartzea izan zen lortutako lehen fruitua. 2014ko urriaren 16an inauguratu zuten Oihaneder.

Pozik daude bost urteotako ibilbidearekin, hasieratik gaur egunera arte "sekulako bilakaera" izan duelako proiektuak, eta dagoeneko "erreferente" bilakatu delako. Horrekin batera, gaineratu dute "bilakaera naturala" izan dela, "ez garelako etorri inor ordezkatzera, batzera baizik". 

60 proposamen urtero

Lazarragako Iker Duranak onartu du hasiera ez zela erraza izan, proiektua "egun batetik bestera" jarri zelako martxan, eta, hortaz, denbora nahikorik ez zutela izan "gauzak behar bezala" egiteko.

Baina programazioa eta estrategiak ondo finkatuz eta euskal eta kultura arloko eragileei proiektuaren berri emanez, helburua betetzea lortu dute

"Bilakaera izugarria izan da, lehenengo bi urteetan proposamen gutxi iritsi baziren ere, egun, Euskal Herri osoko eragile eta artistek bidalitako 60 bat jasotzen ditugu urtero", adierazi du Duranak. Elkarteko Manuel Diaz de la Barcena ere bat dator horrekin: "Egiaztatuta geratu da Euskararen Etxea beharrezkoa zela, besteak beste, Euskal Herrian sortzen diren lanak Gasteizera heldu ahal izateko; lehen, emanaldi isolatuak ziren Principal antzokira edo Jimmy Jazz aretora etortzen zirenak. Orain, euskal sortzaileek badakite non egingo dieten kasu, gero, asko egin ezingo badira ere".    

Ehunka izan dira denbora tarte horretan egin diren jarduerak; asko eta askotarikoak. Gogoan dute, bereziki, hasieran, Rockomikiak erakusketaren inguruan antolatutako ekimenak. Programazioa zikloetan oinarritzen da, horietako asko beste eragileekin elkarlanean antolatutakoak dira: UEU-rekin batera, Hizkuntza gutxituak ezagutzeko Hitz Adina Mintzo; GEU-rekin, Begi Belarri; edo formatu txikiko kontzertuen Eskilarapeko Soinuak zikloa. Horrez gain, igande arratsaldetan, Euskal Herrian sortzen diren euskarazko ikuskizunak eskaintzen dituen Saski Naski zikloa dute. Adibideak baino ez dira. 

Dena dela, eraikinak berak eta tokia Montehermoso Kulturunearekin elkarbanatu behar izateak mugatu egiten du Euskararen Etxearen eskaintza. "Harreman ona dugu eta ekintza gehienak egin ahal izan ditugu, batzuetan koordinazio arazoak izan baditugu ere; iaz, adibidez, erakusketa bakarra egin ahal izan genuen, beraiek asko zituztelako antolatuta. Baina biok ikasi egin dugu", aipatu du Lazkanok. Bestalde, eraikinaren ezaugarriengatik ezinezkoa da bertan formatu ertaineko ikuskizunak eskaintzea.   

Gasteizko Kafe Antzokiak emango dio arazo horri irtenbidea. Diaz de la Barcenak gogorarazi du, oraindik sinatu gabe badago ere, proiektuaren lehiaketak dagoeneko irabazle bat duela. Behin esleituta, sei hilabeteko epea izango du enpresa horrek behin-betiko proiektua garatzeko, eta beste 18 hilabete lanak egiteko. Bitartean, beste erronka bati egin beharko dio aurre Lazarraga kultur elkarteak: hain zuzen, proiektuaren kudeaketa, finantzazioa eta izaera juridikoa zehaztu beharko du. Oinarri sendoak jarri nahi dizkio "bi hankadun" proiektuari.  


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago