Zeruko zaindarien zelatan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko api. 13a, 08:00

Europa osoan, udaberriko migrazio garaia aprobetxatuz, txoriak identifikatuko dituzten eraztunak jartzen dizkiete hankan. Arabako Urtubia-Petronia taldearekin izan da ALEA. 

Sareak gauetik jarrita dituzte Urtubia-Petronia taldeko hegaztien eraztuntzaileek. Tolesturik dituzte hiru sare, Gaubeako finka handi batean; goialdean bat kokatzen dute, eta errekaren inguruan, behean, beste bi sare. Goizeko lehen orduan, txorien lehen txioak eta ibilaldiak hasten direnean zabaltzen dituzte sareak. Ondoren hasten dira beharko duten tresneria guztia arin prestatzen: eraztunak, neurriak hartzeko kalibreak eta animaliaren pisua hartzeko baskulak, txoriak sareetan atxikitzen dituztenetik identifikatu eta askatzen dituzten arte igarotzen den denbora ahalik eta laburrena izan dadin. "Hegaztiei eraztunak jartzea nahiko jarduera zorrotza da, baina hala izan behar du, animalia biziekin ari baikara lanean. Hau ez da denborapasa bat, jarduera zientifiko bat da, metodo zientifiko bat, eta datuak animaliaren maneiutik hartu behar dira", azpimarratu dute arabar eraztuntzaileek. 

Buru argia, esperientzia eta berariazko prestakuntza behar dira hegaztiei eraztunak jartzeko. Ez da biologoa izan behar, baina nahitaezkoa da bi urteko gutxieneko prestakuntza lekuan bertan eskarmentua duen eraztuntzaile batekin. Ondoren, azterketa teorikoa eta praktikoa gainditu behar dira, baimena lortzeko. "Zaila da bi urte dedikatzea karneta ateratzeko; horregatik lau katu gara. Zoroen hustubidea da hau, flipatuen talde bat gara", esan du Pako Zufiaur taldeko kideak. "Liberatu bat egotea gustatuko litzaiguke, baina honek ez du dirurik ematen… Gutxi batzuk honetara dedikatzen dira, proiektu handiekin, eta instituzioen babesarekin, baina eraztunketara bideratutako dirua minimoa da. Ingalaterran eta Britainia Handian profesional gehiago daude, baina hemen asko kostatzen da", erantsi du Teresa Andres taldekideak.

"Oso zaila da harkaitz-txolarreak harrapatzea, erronka bat da"

Solasaldia aurrera doan bitartean, sarean harrapatuta geratu diren txoriak banan-banan jasotzen ari dira erantzuntzaileak, kontu handiarekin, eta txori bakoitza oihalezko poltsa batean sartzen dute. Ez da nolanahi egin daitekeen lana, jakin behar da hegaztiak hartzen; izan ere, txoriak oso txikiak dira, nabarmen delikatuak, eta nahigabe egindako mugimendu batekin ere hil daitezke. Tartsotik heltzen dituzte, baita lepotik ere, saihets-hezurrak eta hankak ez hausteko. Gainera, hozka egiten baldin badute, eutsi egin behar da, tiratu gabe eutsi, bestela txoriari lepoko hezurra hautsi ahal zaio. 
Sarean harrapatuta geratu den amilotx urdin (Cyanistes caeruleus) eder bati eraztuna jartzea tokatu zaio Andresi, eta txikiaren mokokadari eusten dio min imintzioarekin. "Amilotx urdina tokatzen bazaizu, izorratuta zaude, mokoa oso txikia baina oso indartsua duelako, eta oso kabroia delako", esan du biologoak. "Borrokalari mortala da", gaineratu du Zufiaurrek. 

Hasieran, txorien mugimenduak

Hans Christian Mortensen daniarra da eraztunketa zientifikoaren aita. "Gizon hau hasi zen ikusten bere inguruko txoriak halako batean desagertu egiten zirela, udan zehar ikusten zituen txoriak neguan desagertu egiten zirela, eta pentsatu zuen deskuidoan jartzen bazuen eraztun bat txori baten hankan bere helbidearekin, agian baten batek jasoko zuela eta erantzungo ziola. XIX. mendearen bukaeran izan ziren Europan txoriei eraztunak jartzeko hastapenak, basoko txorien mugimenduak ikusteko. Ehun urte igaro eta gero ia dena dakigu txorien mugimenduez, ez dena, baina ia dena", azaldu du Zufiaurrek.

"Amilotx urdina tokatzen bazaizu izorratuta zaude; moko zorrotza du, oso kabroia da"

Hortaz, hegaztien mugimenduei lotuta hasi zen jarduera, hegaztien migrazioarekin, baina beste esparru batzuetara ere zabaltzen joan da, eta datu gehiago sartu dira jardunbidean. "Adibidez, txori baten adina jakiteko modu bakarra eskuan izatea da, eta eskuan edukitzeko modu bakarra eraztuna jartzea da. Populazioaren piramide bat eraikitzeko modu bakarra hegaztia eskuan izatea da. Hori inportantea da espezieak kudeatzeko. Hori ez zegoen jakiterik orain dela 125 urte eraztunak jartzen hasi zirenean", esan du Zufiaurrek.

Zientziaren beste esparru batzuetan ere hegaztien eraztunketaren garrantzia azpimarratu du. "Kontuan izan behar da txoriak bioadierazleak direla, eta jarraipen metodologikoa eginez, benetako datuak eta ondorioak lortzen dira, ez iritziak". 

Udaberriko bolada

Hilabete hauetan, Europa osoan, udaberriko migrazio garaia aprobetxatuz, txoriak identifikatuko dituen eraztunak jartzen dizkiete hankan, euren mugikortasuna eta jokamoldeak ezagutu eta jarraitu ahal izateko. Era berean, oinarrizko datuak hartzen dizkiete: adina, hegalaren tamaina, tartsoarena, buztanarena… Andresek azaldu duenez, txoriaren egoera fisiologiko osoa jasotzen dute: zer pisu duen; migrazioarekin lotuta dauden parametroak, koipea esate baterako; eta inkubazio plaka duen edo ez, sexua zehazteko. 

Datu horiek guztiak jaso ostean, animalia askatzen dute, eta handik aurrera hegaztiak bere kode alfanumeriko propioa izango du, eta baita erremite edo posta kodea. Kasu honetan, Aranzadi hitza erabiltzen da erremite gisa, Aranzadiko Eraztuntze Bulegoarekin lan egiten duelako Urtubia-Petronia taldeak. 

"Hau ez da denborapasa bat, jarduera zientifiko bat da, metodo zientifiko bat"

Izan ere, estatu mailako bulegorik zaharrena da Aranzadikoa. 1949an sortu zen, eta gaur egun 200.000 eraztun baino gehiago kudeatzen ditu Espainiako estatu osoan. "Europar guztiok berdin egiten dugu. Beraz, datuak konparagarriak dira. Holandar batek eta euskaldun batek berdin egiten dugu. Europako datu basea osatzen duten datuak homologatuak dira", zehaztu du Zufiaurrek.

Harkaitz-txolarrea, helburu

Harkaitz-txolarrea (Petronia petronia) deituriko txoria harrapatzea eta eraztuna jartzea da taldearen helburu nagusietako bat aurten Gaubeako finkan, eta Aranzadiren babesarekin ari dira proiektua gauzatzen. Hain zuzen, taldearen izena hegazti zaputz horri eta Lucio Urtubia anarkista ezagunari eginiko omenaldia da. "Harkaitz-txolarrea erabat oharkabean pasatzen da, Lucio Urtubiari gertatzen zitzaion bezala, Europako bankuak kolokan zituen, baina oharkabean pasatzen zen", esan du Zufiaurrek. "Urtubia bezala harkaitz-txolarrea ere anarkista bikaina da" .

Andresek argitu duenez, "oso zaila da harkaitz-txolarreak harrapatzea, erronka bat da". Alta, Gaubeako finkan taldearen laguntzaile batek, Jordi Gomezek, habia-kaxa batzuk jarri zituen garai batean, eta harkaitz-txolarreek okupatu dituzte. "Bizitza osoan esan izan da txori hau sedentarioa dela, bere jatorrizko eremuan mugitzen dela, ez dela inora joaten, eta nomadeo luzeak egiten dituela, 200 kilometrokoak asko jota. Baina kontua da inork ez duela txori hau aztertu, oso zaila baita harrapatzen. Orain ikusten ari gara hegalen arteko aldea, luma primarioen eta gainerakoen arteko alde hori, hegazti migratzaileek dutela, eta hemen bizi direnek ez dutela. Beraz, agian hanka sartu dugu eta Afrikatik dator", esan du Andresek. Zufiaurrek barrez gaineratu duenez, "eraztunketari buruzko teoria baten arabera, hartzen ditugun datuek ez dute ezertarako balio, txoririk tontoenak harrapatzen ditugulako, ikasten ez dutenak".

"Populazioaren piramide bat eraikitzeko modu bakarra hegaztia eskuan izatea da" 

Txolarre arruntak (Passer domesticus) gure herri eta hirietan ere murrizten ari den espezie bat dira, beraz, oso interesgarria da jarraipena egitea. "Zuloetan egiten dute tokia. Lehen, teilen azpian egiten zuten, etxeen paretetako zuloetan, baina etxe modernoetan ezin dute sartu, zulo guztiak konpondu egin ditugulako. Arazoak sortu ditu horrek ere, inoiz baino zulo gutxiago dituztelako. Halere, moldatu egiten dira".

Askotariko proiektuak

Harkaitz-txolarrearen inguruko proiektuaz gainera, Aranzadik sustatzen duen hegazti habiagileen EMAN proiektua ere aurrera eramaten ari da Urtubia-Petronia. "Interesatzen zaigu nekazaritza inguruneetan bizi diren hegaztien komunitatea aztertzea, ohiko nekazaritzak ongarri eta fitosanitarioen bidez eta bazterreko landaredia desagerraraziz asko kaltetu dituelako, eta ingurune horietako jatorrizko biodibertsitatea murriztu du", azaldu du Andresek. 

Era berean, hurrengo egunetan, galeperrei (Coturnix coturnix) eraztunak jartzen hasiko dira. Galeperren proiektua ehizarako debekatuta dagoen eremu batean zentratuko dute (galeperrentzako eremu gutxi geratzen dira, ehizatzen ez direnak), eta, gainera, artzaintza birsortzaileko jarduerak eramaten ari dira Gaubeako lursailean, eta horiek oso mesedegarriak dira galeperrentzat.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago