Asparreneko Udalak, Aratz txirrindularitza taldeak eta Arabako ziklismo eskolek Lourdes Oiarbide txirrindulari ohiaren ibilbidea omendu dute larunbatean Araian. Txapela jarri eta bi oroigarri eman dizkiote Oiarbideri, eta klub bakoitzeko neska banak bere taldearen banderatxoa eman dio.
"Detaile oso polita" izan dela esan du Oiarbidek, eta jasotako aintzatespena eskertu du. "Lortu dute Arabako klub guztiak omenaldian egotea". Gogora ekarri du bera zazpi edo zortzi urterekin hasi zela. "Dena jolas baten moduan hasi zen, eta gero profesional gisa aritu nintzen. Horregatik, oso polita da umeak ikustea, tartean, ez dakigulako etorkizunean bakoitza non egongo den", esan du txirrindulariak.