ARGAZKI GALERIA eta BIDEOA

Gasteizko lorezainek eserialdia egin dute udalaren bulegoetan

Erredakzioa 2025ko api. 11a, 13:13

Hamazazpi egun daramatzate greban, eta salatu dute Enviser enpresak ez duela gataza konpontzeko proposamenik egin. Astearte gaua udaletxe aurrean emango dute, eta asteazkenean manifestazioan irtengo dira Gasteizen.

Gasteizko Udalaren lorezain azpikontratatuek greba mugagabean jarraitzen dute. Hamazazpigarren eguna dute gaur, eta udalaren San Martingo bulegoetara sartu dira beren lan baldintzengatik protesta egiteko, hitzarmen propioa eskatuz. 

ELA, ESK eta LAB sindikatuek deituriko grebak %100eko jarraipena izan du, antolatzaileen esanetan, zuzeneko zerbitzuak ematen dituzten langileen artean. Administrazioak zuzenean kontratatutako langileak besterik ez dira lanean ari. Bi aste dira Enviserreko langileek ez dutela Gasteizko Udalarekin kontratatutako zerbitzurik eman.

Greba hasi zenetik bilera bakarra egin dute enpresak eta langileen ordezkariek, apirilaren 2an izan zen, eta sindikatuek salatu dute enpresak ez zuela inolako proposamenik egin gatazka konpontzeko. Langileek kritika egin diote Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzirai, ez delako greba batzordearekin harremanetan jarri. Aldiz, Artolazabalek berak adierazi du bi aldiz bildu dela greban zehar enpresarekin, eta "egunero" hitz egiten duela zuzendariarekin, eta eskatu diola negoziazioa irekita mantendu dezala.

Gasteizko Udalaren jarrera gaitzetsi dute langileek, gatazka desitxuratu izana eta poliziaren oldarraldien bidez konpondu nahi izana leporatu diote. Presio egiten jarraitzeko, asteartetik asteazkenerako gaua Plaza Berriko arkupeetan emango dute, udaletxe parean, eta asteazkenean osoko bilkuran agerraldia egingo dute. Manifestazioa deitu dute Gasteizen asteazken arratsalderako, apirilaren 16rako, Plaza Berritik abiatuta.

Soldatak "nabarmen hobetzea eta lanaldia nabarmen murriztea" eskatu dute, baita hobekuntzak egitea ere hainbat arlo sozialetan, eta aldaketa hauek hitzarmen propio batean biltzeko eskatu dute. "Hemen lan egin, hemen erabaki" leloa oihukatu dute udalaren bulegoetan. Lan egoera jasanezina salatu dute greba honetan.

Bideoa: Jon Flores

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago