Urtebete baino gutxiago falta da 24. Korrika hasteko. Herriz herri lekukoa eraman aurretik, ordea, hilabeteetako lana dago atzetik, eta horretan buru-belarri ari dira orain lantalde desberdinak. Bilera bat amaitu berri, hitzordua egin du ALEArekin Asier Diaz Korrikaren Arabako arduradunak.
Korrika ez da helmugara iristean amaitzen, ezta? Zer lan duzue orain antolatzaileek?
Duela bi urte erabaki genuen Korrika gabeko urtean Korrikaren egitura bera mantentzea, ordura arte bazegoelako nolabaiteko etena. Eta apustu hori egin zen, egiturari eusteko. Jakina da Korrikak zer dimentsio hartu duen, eta horrek hausnarketa batzuk ekarri ditu. Ane Elordirekin, arduradun berriarekin, gogoeta horiei heltzeko aukera izan dugu, eta esan genezake inflexio puntu batean gaudela. Askotariko hausnarketak ditugu esku artean, baina beharbada ikusgarriena gizarte erantzukizunari dagokionean aztarna ekologikoaren eztabaida da. Duela bi urte heldu genion, karbonoaren aztarna neurtu dugu EHUrekin batera, eta hortik aurrera neurri batzuk hartu ditugu aztarna hori nola txikiagotu erabakitzeko; plastikoaren erabilera ia zerora murriztu dugu, oraindik euskarri batzuetan erabiltzen dugun arren, eta hori nola hobetu pentsatzen ari gara. Korrika urtean bete beharreko erabakien inguruan hausnartzen ari gara, baina ez soilik datorren urteko Korrikari begira. Gaur bertan izan dugun bileran 26. edizioari buruz hitz egin dugu, oraindik 24.a hasi gabe. Topera gaude, egia esan. Korrika urtean baino estresatuago.
Zer lantalde dira martxan?
Lantalde ugari ditugu. Badaukagu lurraldetasunaren inguruko lantalde bat martxan, funtzionamenduaren ingurukoa, euskarriei buruzkoa, Korrika Txikien ingurukoa edo kilometroen antolaketari buruzkoa. Azken honen harira, gero eta jende gehiago hurbiltzen da Korrikara, eta guztiei lekua egiteko espazioa mugatua da; horri helduta, proposamen bat lantzen ari gara, Ipar Euskal Herrian dagoeneko abian dagoena, eta baliteke lekukoa eragileek elkarrekin eramateko proposamena egitea. Euskarak batzen gaitu, beraz, hitzetatik ekintzetara pasa gaitezen, eta partekatu dezagun lekukoa eragile askoren artean; alderdiek, adibidez, konpromisoa hartu beharko dute batera euskararen alde egin dezagun. Laburbilduz, eta, gezurra badirudi ere, momentu honetan ari gara 40 urteetan estandarizatu ez diren irizpideak estandarizatzen.
"Apirilaren 25era arte egin ahal izango dira ekarpenak dokumentalerako"
Martxoaren 19an abiatuko da Korrika Ipar Euskal Herriko txokoren batetik. Ibilbidea prest duzue?
Ibilbidearekin ari gara. Normalean jendeak azken produktua ikusten du, baina produktu horren atzean dagoen ibilbidea ibilbidea bera baino askoz ere handiagoa da. Guztiok begiratzen diogu gureari, eta guztiok nahi dugu gure herritik igarotzea, baina nazio mailatik heldu behar diogu afera horri, jakinda eskualde nahiak betetzen saiatzen garela, eta hainbat irizpide ere ezarriak ditugula; adibidez, euskaltegiak dauden tokietatik nahitaez pasa behar dugu, eta ez dugu beti lortzen. Arabaren kasuan, daukan orografiarengatik, kasu batzuetan eskualde batetik pasatzeko ezin da beste batetik pasa. Magia egiten saiatzen gara, eta iaz lortu genuen, zortzi eskualdeetatik pasa ginen, baina kontziente izan behar gara batzuetan txandaka izango dela. Hiriburuetan saiatzen gara ostegunetik igandera bitartean igarotzea, baina iaz adibidez Gasteizen astelehenez pasa zen, ez zegoelako beste aukerarik, eta, beldurrak beldur, oso ondo atera zen astelehena izanda ere. Ibilbidea non hasi eta non buka azaroa erdialdean egingo dugu publiko, baina jendeak orain arteko logika ez-idatziari erreparatzen baldin badio, argi eta garbi jakingo du non hasiko den eta non bukatuko den. Beraz, ariketa zuen esku utziko dut...
Bien bitartean, beste egitasmo batzuk ere baditu Korrikak. Sorkuntza bekaren hirugarren deialdia, esate baterako.
Urriaren 31ra arte izango da proiektua aurkezteko epea. Euskal sortzaile orori egiten diogu gonbita parte hartzeko, eta baldintzak korrika.eus webgunean ikus daitezke. Lehen Korrika Kulturalak antolatzaile izaera zuen, eta ikusi genuen sustatzaile edo babesle izatera jauzi egin behar genuela. Kulturalaren helburu nagusia da Euskal Herriari ematea honek Korrikari ematen dion trukeko eskertza, eta bide horretan uste dugu beka hori sortzeak ekarpena egiten diola zaintza behar duen euskal kulturari. Aurrekoan Odei Barrosok aipatzen zuen oasiak sortu behar ditugula basamortuan, eta bekak basamortuan oasiak sortzeko aukerak ematen ditu.
'Jalgi hadi!' dokumentala ere prestatzen ari zarete, Korrika barrutik ezagutu eta euskararen inguruko hausnarketa egingo duena.
Ander Iriarte da dokumentalaren zuzendaria, Karpeta urdinak lanagatik ezaguna. Dokumentalaren gai nagusia euskararen auzia izango da, edo auzi desberdinak, eta horri guztiari forma emateko Korrika izango da hezurdura. Euskararen biziberritze prozesuan AEKrentzat gakoak diren aldagaiak aipatuko dira honetan: ezagutzaren normalizazioa ikusten dugu gakotzat, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea eta eremuak saretzeko politiken norabideen politikan eragitea, eta gero helduen euskalduntzearen estrategikotasuna lehen lerrora ekartzea. Diru bilketa bat hasi zen horretarako, goteo.org plataformaren bitartez, eta apirilaren 25era arte izango da diru ekarpena egiteko aukera. 2026ko Zinemaldian aurkeztea da asmoa, hurrengo Korrikaren ostean beraz.
'Harro herri' izan zuen lelo azkeneko Korrikak. Nondik helduko dio hurrengo urtekoak?
Mezu horrek harrotasunez adierazten zuen euskara komunitatea ginela, ahalduntze ariketa bat zen, eta hurrengo urtean ere ildo beretik joango da mezua.