Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Erredakzioa 2024ko ots. 22a, 18:30
Eneko Andueza (PSE), Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar (EAJ). Argazkia: IREKIA

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi bat eskaini du hauteskundeen data iragartzeko. Espero zena ofiziala da: apirilaren 21ean izango da hitzordua.

Hauteskunde giroa nagusi da EAEko politikagintzan, baina alderdi nagusi gehienek beren zerrendaburuak eta hautagaiak aurkeztu dituzten arren, gaur arte ez da ezagutu Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeen data. Astelehenean Ajuria Enean Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Andoni Ortuzar EAJren EBBrekin bildu ostean, ostegun honetan 17:00etan bildu da Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua.

Ondoren, 18:00etan, Iñigo Urkullu lehendakariak prentsaurrekoa eskaini du hauteskunde autonomikoen data baieztatzeko. Ofiziala da: apirilaren 21ean, igandean, izango da hitzordua. Aurretik, Eusko Legebiltzarra desegingo dute, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (BOPV) otsailaren 27an emango du horren guztiaren berri. Horrela, Urkulluk amaitutzat emango du lehendakari gisa egindako hamabi urteko ibilbideari.

Arabari dagokionez, dagoeneko beren zerrendak aurkeztu dituzte EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Zerrendaburuei dagokienez, Joseba Diez Antxustegi izango da jeltzaleen hautagai nagusia, Aroa Jilete sozialistena, eta Pello Otxandiano subiranistena.

Horiez gain, urrian eta azaroan egindako mugimenduen ostean, probableena da Javier de Andres Euskal PPren presidentea popularren lehendakarigaia izatea, bai eta Arabako zerrendaburua ere. Nolanahi ere, Alderdi Popularrak ez ditu, oraingoz, bere zerrendak aurkeztu. Ezker ez subiranistaren esparruan, Sumar eta Podemos taldeek azken egunetan baieztatu dute bananduta iritsiko direla euskal hauteskundeetara, Galiziako hauteskundeetan formula horrekin lortutako emaitza txarren ostean.

Informazioa eguneratzen ari gara. Jarraitu Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide