EAJ eta EH Bilduren arteko berdinketa Araban, EITB Focusen arabera

Erredakzioa 2024ko ots. 2a, 17:00
Azken inkesta plazaratu du gaur EITB Focusek. Argazkia: EITB

EITB Focusen azken inkestaren arabera, EAJk garaipen estua lortuko luke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta EH Bildu bi eserlekura geldituko litzateke. Araban zortzina legebiltzarkide lortuko lituzkete biek.

Ostiral honetan, oraindik data zehatzik ez duten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruko lehen inkesta plazaratu du EITB Focusek. Horretarako, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan bizitokia duten 1.800 pertsona elkarrizketatu dituzte; lurralde bakoitzeko 600. Galdeketak urtarrilaren 24tik 29ra egin zituzten, telefonoz.

Horren arabera, EAEko emaitza orokorrei dagokionez, EAJk garaipen estua lortuko luke —botoen %35,8 (-%3,3); eta 28 eserleku, hiru galduta—, eta EH Bildu bi eserlekura kokatuko litzateke —botoen %32,1 (+%4,2); 26 eserleku, bost irabazita—. PSE-EEk, berriz, 12 eserleku eskuratuko lituzke —botoen %14,8 (+%1,1); bi eserleku gehiago—; PP berdin geratuko litzateke —botoen %7,3 (+%0,5); eta sei legebiltzarkide—; Podemosek bi eserleku lortuko lituzke —botoen %4 (-%4,1); lau eserleku galduta—; Sumarrek legebiltzarkide bakarra izango luke; eta Vox alderdi ultraeskuindarrak gaur egun duen ordezkari bakarra galduko luke —botoen %1,6 (-%0,4).

EITB Focusen arabera, gainera, azkenean Podemosek eta Sumarrek koalizioan aurkeztea adostuko balute, EAJren eta EH Bilduren arteko aldea eserleku bakarrekoa izango litzateke.

Aurreikuspen horiek beteko balira, EAJk eta PSE-EEk gaur egungo koalizio gobernua errepikatzeko aukera izango lukete, bien artean 40 eserleku batuko lituzketelako (38 behar dira gehiengo osoa osatzeko). Baina aukera gehiago egongo lirateke: EAJk eta EH Bilduk osatutako koalizio batek 54 legebiltzarkide batuko lituzke; EH Bildu, PSE-EE, Podemos eta Sumar alderdiek ere 41 legebiltzarkide batzeko eta gobernua osatzeko aukera izango lukete.

Araban, berdinketa teknikoa

Arabako datuei dagokienez, EITB Focusen aurreikuspenak dira EAJk eta EH Bilduk zortzina eserleku eskuratuko lituzketela gure lurraldean, EAJ indar bozkatuena izanda ere. Jeltzaleek botoen %30,6 lortuko lukete (-%1,6), legebiltzarkide bat galduta. Subiranistek, berriz, botoen %28,9 lortuko lukete (+%4), bi eserleku gehiago lortuta.

Bestalde, PSE-EEk —%16 (+%0,4), eserleku kopurua mantenduta— eta PPk —%14,9 (+%3,4), eserleku bat gehiagorekin— launa legebiltzarkide izango lituzkete, Podemosek bakarra —%4,7 (-%3,4), ordezkari bat galduta—, eta Sumar —%1,6— eta Vox —%2,3 (-%1,5)— ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke.

Gure lurraldean, Podemos eta Sumar alderdiak koalizioan aurkeztuta ere, eserleku banaketa ez litzateke aldatuko.

Pradales eta Otxandiano, faboritoak

Lehendakarigai gogokoenari dagokionez, inkestatuek Imanol Pradales (EAJ) eta Pello Otxandiano (EH Bildu) hautatu dituzte faborito gisa, dezima bakarreko aldearekin. Oso atzetik daude beste hautagai guztiak: Eneko Andueza (PSE-EE), Miren Gorrotxategi (Podemos), Alba Garcia (Sumar), Javier de Andres (PP) eta Amaia Martinez (Vox). Horrez gain, inkestatuen %39,3k ez du erantzun.

Azkenik, hautagaien balorazioa egiteko orduan, Pradales, Otxandiano eta Gorrotxategi dira ondoen baloratuenak; izan ere, hirurek lortu dute bostetik gorako nota. Anduezak eta Garciak, berriz, ez dute gainditu, baina gertu gelditu dira.De Andres eta Martinez, ordea, beste hautagaien baloraziotik urrun daude.

Bestalde, inkestatuen %50k baino gehiagok ezagutzen ditu EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemoseko hautagaiak. Baina ezagutza maila horren azpitik daude PP, Sumar eta Voxeko zerrendaburuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide