Gasteizko kale saltzaileekiko "politika arrazistak" salatu ditu LABek

Erredakzioa 2023ko abu. 7a, 14:29

Udaltzainen jokabidea salatu du LABek. Argazkia: Gasteizko Udala

120 euroko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan duela esan du LABek.

Gasteizko jaietan, udaltzainek kalerik kaleko salmentan aritzen diren pertsonak jazartzen dituzte, LAB sindikatuaren arabera. "Aginduak argia dirudi: identifikatu, isuna jarri (120€-ko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan du LABek) eta salgai dauden produktuak konfiskatu (kapelak, betaurrekoak...)", adierazi du ohar batean, eta azpimarratu du kale salmenta ez dela delitua.

Sindikatuaren arabera, hori da udaltzainak egun hauetan egiten ari direna. Jokabide hauen oinarriak jaietako bandoan eta udal araudian daudela esan du, "biak ala biak muturrera eramanez eta pertsona hauek jazarriz". Hala, udaltzainen arduraduna Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izanik, hari "jokabide hauekin amaitzeko" eskatu diote eta pertsona hauek beraien jarduera "askatasunez eta presiorik gabe" aurrera atera ahal izatea berma dezala.

"Kalez kaleko salmentan lan egiten duten pertsonak langileak dira, hau da, haien ogibidea da eta lasaitasunez aurrera atera behar dute. Horietako asko egoera administratibo irregularrean daudenez, Atzerritar Legearen mehatxupean, udaltzainak zigorgabetasunez jokatzen ari dira, ezin baitute haien aurkako jarduerak salatzeko eskubidea baliatu", salatu du sindikatuak. "Eredu kapitalista eta arrazista honek sistematikoki urratzen du pertsonek lan duina izateko duten eskubidea, eta, hori gutxi balitz, horiek jazartzen ditu". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide