Adela Arabaren aldeko txorizo dastaketa egingo du Los Alegrios kuadrillak

Erredakzioa 2023ko abu. 7a, 13:02

Joan den urtean jasotako dirua. Argazkia: Los Alegrios

Irailaren 10ean, gainera, lasterketa solidarioa antolatu du Arabako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteak.

Los Alegrios kuadrillak bere ohiko txorizo dastaketa ospatuko du abuztuaren 9an. XVI. edizio honetan, bildutako dirua Adela Arabara bideratuko dute, Arabako Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkartera (ELA). 12:00etatik aurrera, Juncal Ballestin plazan (Artium museoaren aurrean), txorizo eta zurito pintxoak banatuko dituzte, doan. Biltzen duten dohaintza guztia ELA duten gaixoei eta Arabako haien familiei laguntzeko erabiliko dute.

Ekitaldian zehar, Adela Arabaren hurrengo jardueraren berri emateko pegatinak banatuko dute: CórrEla. Herritar guztiei zuzendutako lasterketa solidarioa da. Bigarren edizio hau irailaren 10ean egingo dute, Gasteiz erdigunean, eta parte hartzeko modalitate desberdinen artean aukeratu ahal izango dute: 5 edo 10 kilometroko lasterketa edo herritar guztientzako martxa solidarioa. Bertaratu ezin diren eta laguntzeko interesa duten pertsonek 5 euroko prezioan eros dezakete zero dortsala.

Jardunaldia amaitzeko, egitarau zabala izango dute, haurrentzako tailerrak, musika eta hainbat emanaldi tartean. Izen-emateak zabalik daude eta esteka honen bidez egin daitezke: https://linktr.ee/correla

Gogoratu behar da gaur egun ez dagoela tratamendurik ELArentzat, eta bizi-itxaropena lehen sintomak detektatzen direnetik 3 eta 5 urte bitartekoa dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 200 kasu berri detektatzen dira urtero, eta, zehazki, Araban 40 pertsona diagnostikatzen dira urtero.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide