Eraso matxisten kontrako oihu ozena

Erredakzioa 2023ko abu. 3a, 10:44

San Migel balkoian egindako elkarretaratzea. Argazkia: Blusa eta Nesken Batzordea.

Blusen eta Nesken Batzordeak eguneratu egin du eraso matxisten aurkako protokoloa

Blusen eta Nesken Batzordeko Berdintasun taldeak agerraldia egin du San Migeleko balkoian, eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatzeko, eta horren aurrean erantzuteko protokoloa aurkezteko. "Protokolo hau da guztiontzat espazio seguruak izango diren jaietarantz aurrera egiteko dugun tresna", gogoratu dute.

Izan ere, oraindik ere, indarrean dagoen arau sozialean oinarritutako botere-rolek eta harremanek irauten dutela nabarmendu dute: "Eta arau sozial horrek emakumeen eta sexu-genero disidenteen aurkako diskriminazio eta zapalkuntza egoerak sortzen jarraitzen du". Blusen eta Nesken Batzordetik, halaber, indarkeria matxista ukatzen duten eta emakumeen eta LGTBI+ pertsonen eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak eta jarrerak salatu nahi dituzte. 

Protokolo honen bidez, arau zisterteteropatriarkala eta honek sortzen dituen indarkeriei aurre egiten jarraitu nahi diete, "batez ere jai-eremuan eta Andre Maria Zuriaren jaien testuinguruan". Protokoloak hiru helburu nagusi ezartzen ditu: "Blusen eta Nesken Batzordeko kideen artean eraso matxistekiko jarrera kritikoa sortzea. Eraso matxista baten aurrean jarduteko jarraibideak ematea. Eta eraso matxisten aurreko erantzuna ematea".

Eraso matxisten aurkako tresnak eskuratzeko, 2015ean hasi ziren lanean Blusen eta Nesken Batzordean, eta dagoeneko kide diren kuadrilla guztiek protokoloa beren gain hartzea eta aplikatzea lortu dute. "Hala ere, oraindik bide luzea dugu egiteko eta hainbat gai jorratu behar ditugu. Adibidez, Blusa eta Neskaren figurak genero-rol normatiboekin identifikatzeak dakarren eredu bitarrari buruzko hausnarketa sakona egitea; halaber, jai-eremuen erabilerari eta horietan gertatzen diren diskriminazio ugariei buruzko begirada intersekzionalagoa txertatzea".

Kalea, jaiak, gaua guztionak direla azpimarratu dute, eta kaleak guztion gozamenerako espazio izan behar dutela. "Ez da soilik gure ardura guztiontzat seguruak izango diren espazioak bermatzea". Horregatik, dei egiten diete gasteiztar guztiei edozein eraso matxistaren aurkako eragile aktibo izan daitezen.

"Ez dugu beste alde batera begiratuko, ez gara isilduko, matxismoaren aurka indartsuak gara, asko gara eta aliatuak gara. Autodefentsa feminista gure tresna. Ez gara subjektu pasiboak, ez dugu salbatzailerik behar, edozein eraso matxistaren aurrean erantzuteko legitimatuta gaude".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide