Gasteiz "anitza" aldarrikatu du Txaro Arrazolak

Erredakzioa 2023ko abu. 3a, 09:59

Txaro Arrazola, Andre Maria Zuriaren jaietako pregoian. Argazkia: Gasteizko Udala

Pregoilariak aniztasunerako deia egin du migratutako pertsonak edo gatazkak gogora ekarriz.

Ehunka lagunen aurrean, Txaro Arrazola artista arduratu da aurten Gasteizko jaietako pregoia emateaz. Tradizio bihurtu den moduan, plazara joan aurretik, udaletxean harrera egin diote Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, eta Kultura eta Hezkuntza arloko zinegotziak, Sonia Diaz de Corcuerak, eta eskerrak eman dizkiote hartutako arduragatik. "Hunkigarria den arren, ardura handia ere bada", adierazi du pregoilariak.

Arrazolak aniztasunerako deia egin du pregoian, eta Micaela Portilla historialariaren hitzak gogoan Gasteiz "bide askoren bilgunea" dela esan du: "Hiri honek beti beso zabalik jaso ditu bisitariak eta etxean bezala sentitzen lagundu die. Gasteiztarra izateak aniztasuna maitatzea, guzti-guztiak barneratzea esan nahi du eta, horretarako, behar-beharrezkoa da HEZIKETA, hitz larritan idatzita; hau da, iraganaz ikastea eta etorkizunera begira hori errespetatzea". Gasteiz "aniztasun aberatsa" duen hiria dela azpimarratu du, eta hori bultzatzen jarraitu behar dela. 

Lagun ugari gerturatu dira Plaza Berrira, Arrazolaren pregoia entzutera. Argazkia: Gasteizko Udala

Gasteizko jaietan ere "behetik gora" gozatzeko eskatu du. "Goza dezagun jai hauez behetik gora hasita. Zeledonek bezalaxe. Zeledon bere blusa, zahato eta aterkia dituela zoriona ekartzera datorren baserritarra da. Jai hauen ezaugarriak beti izan dira gertutasuna, hurbiltasuna eta herritarren inplikazioa. Blusen eta nesken, txikien eta beteranoen 27 kuadrilla ditugu. Garaiak, txikiak, ederrak, itsusiak, lodiak, argalak, zuriak, beltzak, goiztiarrak, gautxoriak eta hor tartean dauden maila eta eskala ugariak. Maita dezagun aniztasun hori urte osoan zehar!".

Aniztasun hori, hain zuzen ere, askotan, migratutako pertsonek irudikatzen dutela nabarmendu du. "Zeledon fardela eskuetan zekarrela iritsitako etorkina izan zen. Gizaki bihurtzen badugu, txirotutako, adinez aurrera doazenen eta babesgabeenen taldekoa dela ikusiko dugu eta baita txikienak ere, Edurne eta Zeledon txiki, bakarrik dauden pertsona migratuak".

Baina pregoian beste aldarrikapen batzuetarako ere egon da tokia. "Jaiek emakume guztientzako toki segurua izan behar dute", aldarrikatu du Arrazolak. Ildo beretik, eraso matxisten aurrean, herritar guztiei eskatu die ahalegin guztia egin dezaten horren aurka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide