Hiru urte eta gero...

Arg: Alea

"TikTok-en erritmoan bizi den gizarte honentzat, bi urtek hamarkada bat dirudite"

Gasteizko jaiak hurbiltzen doaz eta hauekin batera gure tripetan sortzen doan zurrunbiloa handituz doa. Espektatibak oso handiak dira, gaur egungo TikTok-en erritmoan bizi den gizarte honentzat bi urtek hamarkada bat baitirudite.

Guztiz ezohikoa da bizi izan duguna, 1936-1941 tartean bakarrik geratu ziren bertan behera Gasteizko jaiak, nahiz eta 1976. urtean hau gertatzeko hurbil egon. Baina pandemia honek, nire ustez, bi aldaketa kultural handi eragin ditu.

Batetik, distantzia soziala. Hau jendea agurtzeko eran ikusi dezakegu, hotzagoak bilakatu baikara. Zelan eragingo die honek hain emozionalak izan ohi diren jai batzuei? Zenbat besarkada ematen ditugun jaietan egun tarte horietan bakarrik ikusten dugun jendearekin. Zenbat mikrokuadrilla sortzen diren egun horietan, zenbat adiskidetasun.

Bestetik, ikusi beharko dugu zer eragin izango duen pandemian zehar bizi izan dugun jai-orduen aurrerapen horrek. Gaueko farrak behera egingo du eguneko jai giroaren mesedetan? Nik beti egin izan dut eguneko jaien gorazarrea.

Blusa eta nesken kuadrillak, txosnak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, udal musika banda, herri kirolak, kontzertuak… pertsona orok dauka gustorago sentitzen den espazioa eta ekitaldia aukeratzeko aukera. Edozein momentutan ikusiko duzu kanpoko jendea zapia jantzita, txaranga batekin dantzan ala blusa batekin vacaverde bat partekatzen. Eta hori da Gasteizko jaien gauza handienetariko bat, jai anitz eta integratzaileak direla.

Abuztuaren 4an, arratsaldeko seietan, jaia zerutik jaitsiko da berriz ere, hiru urteren ostean. Beraz, goza itzazue jaiak bakoitzak gehiago disfrutatzen duen lekutik, errespetuz, beti ere. Jan, edan, dantzatu, besarkatu, maitatu, aldarrikatu, partekatu, baina batez ere… Gozatu!

Gora Gasteizko jaiak!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago