Martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, Euskal Herria zeharkatuko du 22. Korrikak. Aurretik, baina, hitzordu mordoa antolatzen ari dira herriz herri, Korrika Kulturalaren barruan: Gasteiz, Trebiñu... eta, oraingoan, Zigoitian ere egitarau zabala iragarri dute Korrika Batzordeak eta Udalak.
Denetarik izango dute: antzerkia, pintxo-pote solidarioa, musika... Guztira sei jarduera antolatu dituzte, eta lehen hitzordua asteburu honetan izango da:
- Martxoak 12, larunbata: Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki antzezlana, 18:00etan Kultur Etxean.
- Martxoak 26, larunbata: Teatro Paraiso konpainiaren Xocolat antzezlana, 19:00etan Kultur Etxean.
- Apirilak 3, igandea: Pintxo-potea eta musika, errefuxiatuen aldeko elkartasun kanpainaren barruan.
- Apirilak 9, larunbata: Tanttaka konpainiaren Ameriketako bidaia antzezlana, 19:00etan Kultur Etxean.
Hala ere, hitzordu nagusia martxoaren 20an, igandean, izango da: Korrika Jaia, egun osoko egitarauarekin. 12:30etik aurrera, familiei zuzenduta, taloak egiteko tailerra eta herri kirolak, txistularien taldeak girotuta; bazkalaurretik, Berbapasa, hitzekin jolasteko aukera paregabea; eta, ekitaldi nagusi modura, bertso-bazkaria, Xabi Igoa eta Onintza Enbeita bertsolariekin, Gopegiko txokoan.
Apirilaren 6an iritsiko da Korrika Zigoitira, 11:15ak aldera. Euskararen aldeko martxarekin bat egiteaz gain, egun horretarako beste ekitaldi bat egingo dute: Mugi Dubi Doo, 15:00etan Gorbeia eskolan.
