Bideoklipa

Nerea Urbizu, Ane Garcia eta Anari, 22. Korrikaren 'Hitzekin' abestiaren ahotsak

Erredakzioa 2021ko abe. 17a, 09:00

2022ko Korrikak badu abestia: Hitzekin. Sustrai Colinak eta Nerea Urbizuk sortu dituzte letra eta musika, hurrenez hurren. Ahotsak, berriz, Urbizuk berak, Ane Garciak eta Anarik jarri dituzte.

Amurrio eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean. "Euskara hitzetik ekintzetara eramateko" asmoz, HitzEkin izan da edizio honetarako aukeratutako leloa, eta kontzeptu horri tiraka sortu dute abestia; horrekin batera, baita bideoklipa ere. Biak ala biak ostegun honetan aurkeztu ditu AEKk, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan.

Kantaren hitzak sortzeko ardura izan du Sustrai Colina bertsolari eta kazetariak; arlo musikala, berriz, Nerea Urbizu musikariak —Katamalo eta Ene Kantak, beste proiektu askoren artean— zuzendu du; azkenik, letra eta instrumentalari ahotsa eman diote Urbizuk berak, Ane Garciak eta Anarik.

Halaber, Urbizu pianoan ere aritu da, eta, jakina, hainbat musikariren ekarpena izan du: Ander Zulaika baterian, Itsaso Etxebeste baxuan eta Eñaut Gaztañaga gitarran. Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute abestua, eta Eñaut Gaztañaga arduratu da nahasketaz eta masterizazioaz.

Bideoklipa Euskal Herriko zortzi tokitan grabatu dute, Tripulante Produce ekoiztetxearen, Eymard Uberetagoiena errealizadore eta editorearen, eta Diego Azanza kamerariaren eskutik: Aizarotz, Baiona, Basauri, Baztan, Donostia, Iruñea, Lekunberri eta Ondarroa. Gainera, Lekunberriko Ibarberri eskolako 4. mailako ikasleez eta estra ugariez gain, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Ainara Unanua Arizmendi, Mikel Unanua Arizmendi, Omar Diop, Maddi Egiguren, Laia Igerategi, Begoña Ajuria Blanco eta Mikaela Elizalde aktoreek parte hartu dute.

Letra

Honako hauek dira Sustrai Colinak ondutako hitzak:

Hitzak. Hitzekin, hitzekin,

hitzekin, hitzekin, hitzekin...

 

Oinetakoak lotu, (e)ta utzi oinei libre

belarretan ortozik bilakatzen bide.

Mapetatik harago mundu asko dago,

sentitutakoa, sentitu (e)ta hitzekin.

 

(E)ta berriro egin korrika zurekin

arantzak erauzteko elkarren ederrez.

(E)ta berriro egin mundua zurekin...

 

Euripean kantari ibiltzen ikasi

ez egon atertu zain, (e)ta korrika hasi.

Berdin da non hasten den, orain beti da hemen.

Pentsatutakoa, pentsatu (e)ta hitzekin.

 

(E)ta berriro egin korrika zurekin

arantzak erauzteko elkarren ederrez.

(E)ta berriro egin mundua zurekin

beti baitago norbait hitz ekiteko prest.

 

Hitzekin, hitzekin, hitzekin, hitzekin...

 

Neguko eguzkitan erantzi azala;

beti ziur dago(e)nak duda sor dezala.

Bizitza jendea da, (e)ta jendea gara.

Sentitu, pentsatu... Sentitu, pentsatu hitzekin!

 

Hitz ekin, hitzekin, hitzekin, zurekin...

Hitz ekin, hitzekin, hitzekin, zurekin... Hitzekin.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago