Korrika Kulturala

Kulturaz blai dator 22. Korrika

Erredakzioa 2022ko ots. 9a, 12:54
'Uhinak' dokumentalaren aurkezpena, Aiaraldea Ekintzen Faktorian. / AEK

AEKk kultur ekitaldi ugari antolatuko ditu martxoaren 31n iritsiko den 22. Korrikaren aurretik. Besteak beste, Uhinak dokumentala, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Jon Maia, Porrotx eta Marimotots, bertsoak eta antzerkia izango dira herrietan.

Asteazken honetan, Derion (Bizkaia) egindako prentsaurreko batean, aurtengo Korrika Kulturala aurkeztu du AEKk. Dozenaka kultur ekitaldi eta ikuskizun antolatuko dituzte, herriz herri zein maila nazionalean, martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean ospatuko den Korrika baino lehen.

Tartean, Ruper Ordorikaren eta Bernardo Atxagaren Hautsi da anphora izango da ekitaldi nagusia, Loraldia jaialdiarekin elkarlanean. 1980ko izen bereko diskoan oinarritutako ikuskizuna da; izan ere, musikariaren lanak idazlearen Etiopia liburuko poemak izan zituen ardatz. Arabako emenaladia martxoaren 25ean izango da, 19:30ean Gasteizko Principal Antzokian.

Horrez gain, ekitaldi gehiago izango dira Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, eta tokiko batzordeek aukera izango dute beren herri zein eskualdetara eramateko:

  • Uhinak dokumentalaren emanaldiak: 22. Korrikaren dokumentala, Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik. Oraingoz, Arabako hurrengo emanaldia otsailaren 17an izango da, 19:00etan Amurrioko Antzokian.
  • Hautsi da anphora: Ruper Ordorikak, Bernardo Atxagaren testuak oinarri, musika emanaldiak egingo ditu. Loraldia jaialdiarekin batera antolatutako ekimena.
  • eRRe: Bertsoa eta antzerkia biltzen dituen emanaldia. Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Arana ditu protagonista. Gasteizen ikusi ahal izango da apirilaren 3an, 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean.
  • Antigone edo ezetzaren beharra: Horma Poster kolektiboak ekoitzitako antzezlana. Besteak beste, apirilaren 9an Aguraingo Harresia antzokiko agertokira igoko da, 17:00etan.
  • Kantu bat gara: Jon Maiak hainbat kantu ezagunen bertsioak jaso ditu ikuskizunean, 30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko.
  • Zorionak Marimotots!: Porrotx eta Marimotots ipuin kontari, kantari, dantzan eta jolasean ariko dira.
  • Amua: Axut taldeak ekoitzitako antzezlana.
  • Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak biolontxeloarekin egindako emanaldia. Musika tresna horrekin techno, flamenko, musika esperimental eta beste musika estilo batzuetara hurbiltzen da.

Ikuskizun eta data gehiago zehaztu ahala, Korrikaren webgune ofizialeko atal berezian emango dute horien berri. Gainera, hitzordu guztiak Korrika Kulturalaren agenda eguneratuan kontsultatu ahal izango dira.

Kultur sorkuntzarako beka

Bestalde, egitarau oparo bat eskaintzeaz gain, Korrika Kulturalak lan bat sarituko du bi urterik behin, kultur sorkuntzarako bekaren bitartez. Euskal sortzaile orori zuzenduta egongo da deialdia, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Horren bitartez, 23.000 euro eskainiko du AEKk, eta saritutako lana 23. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera bitartean. Beka deialdiak bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, euskal kulturaren sormen lanak bultzatzea; bestetik, 23. Korrikatik aurrera, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide