Musika, solasaldiak eta askotariko ikuskizunak Gasteizko Korrika Kulturalean

Erredakzioa 2022ko ots. 16a, 09:00
Ostegun honetan Jimmy Jazz aretoan izango da Willis Drummond. / Argazkia: JON IRAUNDEGI

Otsailaren 17tik apirilaren 3ra bitartean, hitzaldiak, kontzertuak, argazki erakusketak, bisita gidatuak, olinpiadak, bertso saioak eta ikuskizunak eskainiko ditu Korrika Kulturalak, Gasteizko hainbat txokotan.

Kulturaz blai dator 22. Korrika, eta Gasteizko AEKk ere eskaintza zabala aurkeztu du dagoeneko, hiriko hainbat taberna, elkarte eta aretorekin elkarlanean. Otsailaren 17tik apirilaren 3ra arte, askotariko hamar jarduera —momentuz— antolatu dituzte Arabako hiriburuan, martxoaren 31n hasiko den Korrikarako giroa berotzeko asmoz.

Lehen bi hitzorduak bihar bertan izango dira, hilaren 17an, ostegunean: 19:00etan, Etxepare, jalgi hadi batura liburu-aurkezpen eta hitzaldia izango da Oihaneder Euskararen Etxean, Xabier Amurizaren eskutik; ondoren, 21:00etan Willis Drummond taldea arituko da Jimmy Jazz aretoan.

Martxoa ekitaldiz beterik iritsiko da: hilaren 4tik aurrera, Gasteizko Korrika urtez urte Manu Arakamaren argazki historikoen erakusketa, Orbain Kultur Elkartean; hilaren 9an, Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna bisita gidatua Oihanederren, GEU Elkarteko Azaitz Unanuerekin; hilaren 17an, Hitza eta Ekintza olinpiadak, Foru plazan; hilaren 23an, Euskara Gasteizen: Landuchiotik hizkuntza aniztasunera hitzaldia Oihanederren, Ruben Sanchezen eskutik; hilaren 24an, Bertsokorrika bertso saioa Hala Bedi Tabernan; hilaren 25ean, Hautsi da Anphora ikuskizuna, Principal Antzokian; eta hilaren 29an, Lepora taldearen kontzertua Parral Tabernan.

Azkenik, apirilaren 3an, eRRe ikuskizuna eskainiko dute Oihaneder Euskararen Etxean. Ordurako, Korrika martxan izango da jada, eta lau egun egingo ditu Araban: martxoaren 31n Amurrion hasi eta Aiaraldea zeharkatuko du; apirilaren 1ean Gorbeialdea, Gasteiz eta Lautadatik pasako da; 2an Lautadatik Sakanara iritsiko da; eta 6an Mendialdea, Trebiñu, Añana eta Gorbeialdetik itzuliko da Bizkaira.

"Korrikari ematen diozuen maitasun guztia itzuli nahian Korrika Kulturala aurkezten dizuegu. Datozen asteetan, Gasteizen, kulturaz euskaraz gozatzeko aukera paregabea. Mila esker hau guztia posible egin duzuenoi. Animatu, parte hartu eta zabaldu", adierazi du Gasteizko Korrikak, martxan jarri berri dituen sare sozialen bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide