Ibilbidea

Martxoaren 18an sartuko da Korrika Araban

Erredakzioa 2024ko urt. 11a, 12:00

Aurtengo Korrikaren ibilbidea aurkeztu dute gaur. Argazkia: ALEA

Astelehen horretan egingo du tarte luzeena gurean, Kanpezutik sartuta. Gasteizko erdialdera gaueko hamarrak aldera iritsiko da. Aurten kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu.

23. Korrika martxoaren 18an sartuko da Araban, euskararen aldeko herri ekimenaren antolatzaileek gaur iragarri dutenez. Harro herri lelopean, 2024ko martxoaren 14tik 24ra izango da aurtengo hitzordua, Irunen hasi, Euskal Herria zeharkatu, eta Baionan amaituz. Hamaika egun horietan Korrikak 2.173 kilometro egingo ditu Euskal Herrian zehar. Horietatik 261 kilometro gure lurraldean izango dira.

Martxoaren 18an –astelehena– sartuko da Araban euskararen aldeko ekimena, eta egun horretan egingo ditu gurean kilometro gehien. Goizean goiz egingo du, Nafarroatik Kanpezura sartuko baita, 04:37an. Bertatik, eta Nafarroako beste zenbait herritan sarrera azkarra egin ostean, berriro ere Kripandik bueltatuko da 06:58an.

Hala, aurtengo edizioak Arabako Errioxa ere zeharkatuko du, kuadrilla guztiak hartuaz. Guardiatik 08:15ean igaroko da, eta Lezatik pasatu ostean, Herrera mendatean gora Urizaharrera (10:25) eta Trebiñura (11:56) abiatuko da. Argantzondik (12:55) Langraizera (13:45) joango da. Izarrara 16:13an iritsiko da, eta Murgiatik 17:02an igaroko da.

19:30ean espero izatekoa da Gasteizerako sarrera, Abetxukutik. Hiriko hainbat auzo gurutzatu ostean, Alde Zaharrera 21:58an iritsiko da, Arkautitik hiriburua atzean utzi arte. Gaua ondo sartuta iritsiko da Burgura (23:56), eta asteartearekin batera iritsiko da Dulantzira (00:16). Agurainen kafeina pixka bat beharko dute, 01:59an pasako baita. Zalduondo eta Araia zeharkatu ostean, Eginotik aterako da lurraldetik 04:12an.

Aiaraldetik ostiralean egingo du bigarren sarrera, hilaren 22an, Artziniegatik (06:25). Amurriora 10:12an iritsiko da. Laudioarrek 11:27an egingo diote ongi etorria. Azkenik, larunbatean egingo du Korrikak hirugarren sarrera azkarra, Legutio (01:12) bisitatzeko. Herria zeharkatu ostean, Gipuzkoara abiatuko da.

MAPA INTERAKTIBOA

 

Noiz igaroko da Korrika nire herritik? galderari zehaztasun osoarekin erantzuteko bilatzaile bat martxan jarri dute. Horrela, zure herriaren, udalerriaren edo lurraldearen izena bilatu eta eremu horretan izango diren kilometro guztien zerrenda ikusi ahal izango duzue.

GASTEIZKO IBILBIDEA

ARABAKO KILOMETROAK

*Ordutegiak gutxi gorabeherakoak dira

MARTXOAK 18, ASTELEHENA
Kanpezu	 		04:54
Kripan			07:05
Elvillar		07:36
Guardia			08:15
Leza			08:50
Urizaharra		10:25
Trebiñu			11:56
Argantzon		12:55
Langraiz		13:45
Zuhatzu	Kuartango	15.09
Izarra			16:13
Murgia			17:02
Abetxuku		19:33
Alde Zaharra		21:58
Elorriaga		23:11
MARTXOAK 19, ASTEARTEA
Dulantzi		00:16
Dallo			01:03
Zuhatzu	Donemiliaga	01:39
Agurain			01:59
Erdoña			02:35
Zalduondo		02:56
Araia			03:20
Egino			04:12
MARTXOAK 22, OSTIRALA
Artziniega		06:25
Aiara			07:56
Amurrio			10:12
Laudio			11:27
MARTXOAK 23, LARUNBATA
Legutio 		01:12

APLIKAZIOA

 

Aurten ere, 23. Korrikaren inguruko informazio eta nobedade guztiak telefono mugikorrerako app aplikazio baten bitartez eskuratu ahal izango dira: egunez egunekoa, herriz herriko bilatzailea (non eta noiz), Korrikaren egoera unean bertan eta informazio gehiago.

Honako lotura hauetan deskargatu daitezke:


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago