Iragan ekainean ospatu zen azken Araba Euskaraz, Argantzon Ikastolari laguntzeko, eta aurtengoa antolatzeari iazko jaiak utzitako "zapore gozoarekin" ekin zioten gure lurraldeko ikastolek ikasturte hasieran. 2023ko edizioa, historiako lehenengoa eta iazkoa bezala, Olarizun ospatuko dute, ekainaren 11n, -Ekin lelopean.
Jaiadian lortutako dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dute oraingoan. 2008an sortutako ikastetxeak 15 urte beteko ditu datorren urtean, eta bere hezkuntza proiektuari "bultzada" bat eman nahi diote. Gainera, Arabako Lautadan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta eskualdearen euskalduntzea bultzatzeko baliatuko dute ekimena.
Azken hilabeteetan, antolakuntza Arabako zortzi ikastolen ardura izan da, eta, beraz, elkarlanean eta auzolanean aritu dira aurten ere. Horretarako, zortzi ikastoletan batzordeak sortu eta lanak banatu dituzte, eta ez dira gutxi urtean zehar egindakoak: material salmenta; Tanta txartelen salmenta; babesle, laguntzaile zein publizitatearen bilaketa, segurtasun zein muntaketa lanen aurreikuspenak, urte osoko ekitaldien antolaketa, eguneko egitarauaren diseinua...
Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte azken hilabeteetan: otsailean, Euskal Pilota Topaketak Agurainen; martxoan, Araba Euskaraz Open Series zesta-punta jaialdia; maiatzaren 7an, Nazioarteko Dantza Egunarekin bat eginik, Aguraingo kale eta plazak dantzaz jantzi zituzten; eta maiatzaren 26an, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna Agurainera eraman zuten.
Horrez gain, apirilean aurkeztu zuten Araba Euskarazen aurtengo kanta, Ttek Elektrotxarangaren eskutik: Elkar-ekin.
EGITARAUA
Hiru gune, hamaika jarduera
Ostegun honetan, berriz, Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Salome Martinez de Ilarduya Lautadako Ikastolako zuzendariak, Arabako zortzi ikastolen ordezkariekin batera, ekainaren 11n, igandean, Olarizuko zelaiak kolorez beteko dituen egitaraua aurkeztu dute, Olarizuko etxaldean egindako prentsaurrekoan.
Olarizuko zelaietan hiru gune nagusi izango dira: Lautada, Mendia eta Erreka. Eta eremu bakoitzak programazio propioa izango du, baita egun osoan zeharreko eskaintza iraunkorra:
- 1. Gunea (Lautada): arte eszenikoak, bertsoak, Tor Magoa, zunba, Go!azen ikuskizuna, Berriaren komiki tailerra, tonbola, denda, puntu morea eta elikadura eskola.
- 2. Gunea (Mendia): Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna; Maialen Aristegi, STR, Kerobia eta Akerbeltz taldeen kontzertuak; haurren basoa; Tik-Tak Txukun! ikuskizuna; paella, taloak eta Eusko Label Gunea.
- 3. Gunea (Erreka): euskal dantzen topaketa, dantza plaza, Trikidantz, Skabidean, Ttek! elektrotxaranga, jolasak, tailerrak, puzgarriak, arrain pintxoak, eta kukaña bizikletaz.
Gune horietatik harago ere, beste hainbat ekitaldi eta jarduera izango dira: 10:00etan, hasierako ekitaldia Auditorio Begetalean; egun osoan zehar, artisau azoka sarrera nagusian; 10:30ean, Arabako herrien arteko pilota txapelketaren finala, Adurtzako pilotalekuan; 11:00etan, zanpantzarren kalejira; 12:00etan, ikastolako musikarien kalejira; eta 13:00etan, Beriba Samba Eskolaren kalejira.
Horrez gain, 11:00etatik 14:00etara bitartean, Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleek Erronka jokatzeko aukera izango dute.