Aurten ekainaren 11n ospatuko da Araba Euskaraz, Olarizun, Aguraingo Lautada Ikastolaren alde eta Ekin lelopean. Egun handiko jaialdiaz gain, urte osoko egitaraua eskainiko dute, eta, iaz bezala, Euskal Pilotaren Topaketak antolatu dituzte aurten ere. Topaketak Agurainen izango dira, otsailaren 14an eta 26an, "gurea dugun kirolean murgildu, gozatu eta ikasteko" asmoz.
Otsailaren 14an, asteartean, pilotari buruzko solasaldi batekin abiatuko dituzte jardunaldiak, lau txapeldun handirekin. Izan ere, euren kirolari buruz solasean izango dira Joseba Ezkurdia, Leire Garai, Jokin Altuna eta Amaia Aldai pilotariak. Ilunabarrean izango da, 18:00etan, Aguraingo Harresi Aretoan. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Goi mailako lau pilotarien bizipenak ezagutzeaz gain, beraiek sinatutako bi pilota zozketatuko dituzte bertaratutakoen artean.
Otsailaren 26an, igandean, Aguraingo kiroldegiko pilotalekuan egingo dute topaketen bigarren eguna. 11:00etatik 14:00etara bitartean, haurrentzako tailerrak (6-8 urte bitartekoentzat) eta pilota jolasak (9-12 urte bitarteko umeentzat) izango dira. Halaber, Lezao klubaren pilota partidak ere jokatuko dira. Gainera, Pilotalekuan ere euskaraz erakusketa izango da ikusgai.
Lau jarduera horietan parte hartzeko izena eman beharko da otsailaren 23a baino lehen, Lautada Ikastolan, Lezao pilota klubean, Aguraingo Gaztelekuan, Aguraingo kiroldegian edo www.arabaeuskaraz.eus webgunean.