Araba Euskaraz 2023ko ekainaren 11n ospatuko da, Olarizun

Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 17:30

Araba Euskaraz 2023 jaialdiaren aurkezpena, Gasteizen. / Argazkia: ARABA EUSKARAZ

Berriz ere Olarizuko zelaietan ospatuko da Arabako ikastolen aldeko jaialdia, 2023ko ekainaren 11n. Aurtengo edizioa Aguraingo Ikastolaren aldekoa izango da, eta urte osoko egitaraua eskainiko du, Ekin lelopean.

Ostegun honetan aurkeztu dute Araba Euskaraz 2023 jaialdia, Arabako Ikastolen egoitzan, Gasteizen. Bertan, Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Salome Martinez de Ilarduya Lautadako Ikastolako zuzendariak eman dute ekimenaren berri, Arabako zortzi ikastolen ordezkariekin batera.

Iragan ekainean ospatu zen azken Araba Euskaraz, Argantzon Ikastolari laguntzeko, eta heldu den urtekoa antolatzeari iazko jaiak utzitako "zapore gozoarekin" ekin diote gure lurraldeko ikastolek. 2023ko edizioa, historiako lehenengoa eta iazkoa bezala, Olarizun ospatuko dute, 2023ko ekainaren 11n.

Jaiadian lortutako dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dute oraingoan. Gainera, ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Arabako Lautadan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko baliatuko dute ekimena.

Hori bai, antolakuntza Arabako zortzi ikastolen ardura izango da, eta, beraz, elkarlanean eta auzolanean arituko dira aurten ere. Horretarako, zortzi ikastoletan batzordeak sortu eta lanak banatu dituzte jada, eta ez dira gutxi egin beharrekoak: material salmenta; Tanta txartelen salmenta; babesle, laguntzaile zein publizitatearen bilaketa, segurtasun zein muntaketa lanen aurreikuspenak, urte osoko ekitaldien antolaketa, eguneko egitarauaren diseinua...

Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkarteko presidentea
eta Salome Martinez de Ilarduya Lautadako Ikastolako zuzendaria.
Argazkia: ARABA EUSKARAZ

 

Urte osoko egitaraua

Ospatzeko egun handia ekainaren 11n iritsiko bada ere, iazko ereduari jarraituz, urte osoan zehar askotariko ekitaldiak antolatuko dituzte eskualde guztietan, Araba Euskaraz lurraldeko bazter guztietara eramateko asmoz. "Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da", azpimarratu du Mendizabalek.

Programazio zabal horrekin, tokian tokiko ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi dituzte, baita euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini ere. "Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua, ozen entzun dadin. Euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin. Arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen", aldarrikatu dute.

Urte osoko programazioaren barruko lehen bi ekitaldiak laster izango dira, gainera. Lehena, azaroaren 18an, ostiralean, Agurainen izango da: kalejira erraldoi bat, San Juan plazatik Santa Maria plazaraino, Asier Burguete DJarekin, malabaristekin eta hanka-luzeekin; photocall-a eta txosna ere izango dira. Bigarrena, berriz, Go!azen kontzertua izango da, abenduaren 4an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian; bi emanaldi eskainiko dituzte, 17:00etan eta 19:00etan.

Ekin, ekin eta -ekin

Apirilean, Hitzekin izan zen Korrikaren aurtengo leloa. Egun gutxi barru, Hitzez ekiteko garaia dela aldarrikatuko du Euskaraldiak. 2023ko udan ere, lekukoa hartu eta Ekin leloa baliatuko du Araba Euskarazek. "Ekinaren ekinez iritsi garelako ikastolak honaino, ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz honaino. Ekinaren ekinez goazelako aurrera, ekin eta ekin. Ekin eta ekin, elkarrekin, guztiok batera goazelako", ospatu dute.

Ekin hitza bera irudi bilakatu eta aurtengo edizioaren logoa izango da. Baina ez soilik aditz gisa, baizik eta deklinabide atzizki gisa ere. Horregatik, aditzak marratxo bat eramango du aurretik, beste hitz batzuekin lotzeko.

Lautada Ikastolak 15 urte

2008an sortu zen Lautada Ikastola. Hortaz, hamabost urte beteko ditu 2023an. "Sorreratik herriari loturik gaude, Aguraini loturik. Kooperatiba izanik, elkarlana eta auzolana ditugu gure lanabes nagusiak", azpimarratu du Martinez de Ilarduyak.

Gaur egun, 250 ikasle eskolatzen ditu ikastolak. "Guk kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen diegu irakasle talde profesional eta konprometituarekin eta guraso kooperatibisten ahaleginarekin. Agurain euskaldun bat amesten dugu, Lautada euskaldun batean, Euskal Herri euskaldun batean, eta amets hori egia bihurtzeko lanean dihardugu", gaineratu du, Arabako ikastolen arteko "elkartasuna" goraipatuz eta eskertuz.

"Urte zoro eta zoragarria dugu aurretik. Ikastolako komunitatea gogotsu eta kementsu ari gara", iragarri du zuzendariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago