Ttek Elektrotxarangaren eskutik iritsi da Araba Euskarazen aurtengo kanta

Erredakzioa 2023ko api. 21a, 11:00

Ekainaren 11n Olarizun ospatuko da 2023ko Araba Euskaraz jaialdia, Aguraingo Lautada Ikastolari laguntzeko. Gaur aurkeztu dute Malen Urbegainen hitzak eta Ttek Elektrotxarangaren musika dituen kanta berria: Elkar-ekin.

Abestia aurkezteko kalejira bat egingo dute gaur Gasteizen. 19:30etik aurrera, 2012an sortutako Ttek Elektrotxarangak hiriburuko kaleak girotuko ditu: Loma Jeneralaren plazatik abiatuta, Postas kaletik, Plaza Berritik, Lehendakari Agirre kaletik eta San Francisco aldapatik igaroko dira, Kutxi kalean amaitu aurretik.

Ekitaldi gehiago

Baina hori ez da egunotako ekitaldi bakarra izango. Izan ere, Elkar-ekin martxan! ekimena egingo dute apirilaren 23an, 11:00etan Agurain, Amurrio eta Oionen. Zortzi ikastola eta 7 kilometroko hiru ibilbide euskararen alde. Izen-emateak apirilaren 21ean itxiko dira. Bestalde, maiatzaren 7an Araba Euskaraz-ek Herriari, Elkar-EKIN dantzan! dantzaldia egingo dute Agurainen.

Gainera, Araba Euskarazek jaialdi nagusiaren atarian antolatutako ekitaldien artean, maiatzaren 26an Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna eskainiko dute Aguraingo Harresi Aretoan, 19:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 euroko prezioan.

LETRA

Elkar-EKIN

600 urtez azokaren garrantziaz
Arabako ekia Euskal Herriko erdia
Orduko garaiei heldutako inertziaz
Denbora luzean hauspotu du hizkuntza herria
Ipar-haize gogorra
Zerutik dator txingorra
Hautsi nahian enborra
Ta nortasun borborra
Garai latzak gogorrak
Gogortuz gure oskola
Geroari begira
Gotorleku izan da ikastola

EKIN
EUSKARATIK EKIN
SORTALDETIK EKIN
ELKARREKIN

Euskarak loratzen
Barne arrakalak
Periferiak batzen
Bat izateko prest
Zazpi borta bada
Gogo biziz heldu ezazu euskara!

EKIN
EUSKARATIK EKIN
SORTALDETIK EKIN
ELKARREKIN
ARABA EUSKARAZ EKIN

Letra: Malen Urbegain

Musika: TTEK / Iker Iriondo (perkusioa), Imanol Olaizola (perkusioa), Elena Lezaun (baxua), Mario Lezaun (kitarra), Miren Legido (saxoa), Borja Ruiz (tronboia), Unai Ruiz de Viñaspre (tronboia), Markel Martinez (tronpeta), Mario Carril (tronpeta) eta Iñaki Kerejazu (ahotsa)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago