Jon Maiaren 'Kantu bat gara' Agurainen izango da

Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 19:30

'Kantu bat gara' ikuskizunaren emanaldi bat. / Argazkia: BARREN.eus

Araba Euskaraz jaialdiaren atarian antolatutako ekitaldien artean, maiatzaren 26an Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna eskainiko dute Aguraingo Harresi Aretoan. Biraren azken hiru kontzertuetako bat izango da.

Bi urtez Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenak bete ondoren, Kantu bat gara diskoarekin lotutako azken hiru kontzertuak iragarri ditu Jon Maia bertsolari eta letragileak: maiatzaren 13an, larunbatean Ordizian; maiatzaren 26an, ostiralean, Agurainen; eta uztailaren 14an, ostiralean, Gernikan.

Aguraingo Harresi Aretoan izango da Araba Euskaraz-ek antolatutako emanaldia, 19:30etik aurrera, eta sarrerak dagoeneko salgai daude 15 euroko prezioan (leihatilan ere izango dira, 18 euroko prezioan).

Badira 30 urte bertsolariak bere lehen kantuak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Harrezkero, Negu Gorriak bera ez ezik, beste hainbat talde eta abeslarirentzako testuak idazten jarraitu du Maiak: Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi... Horietako asko gure oroimenean iltzatuta geratu dira: besteak beste, Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo...

Bere ibilbide emankorra ospatzeko, Jon Maiak maila handiko lau musikari ditu alboan: Maiaren beraren letra eta ahotsarekin batera, Gorka Hermosaren akordeoia, Pello Ramirezen biolontxeloa, Nacho Sotoren teklatuak eta Nerea Quincocesen perkusioa eta ahotsa dira Kantu bat gara ikuskizunaren oinarria.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago