Aurten, berriz ere, Olarizuko zelaietan ospatuko da Araba Euskaraz, gure lurraldeko ikastolen aldeko jaialdia. Aurtengo edizioa, Aguraingo Ikastolaren aldekoa, ekainaren 11n izango da, eta urte osoko egitaraua eskainiko du, Ekin lelopean.
Martxoarekin batera Araban zesta-punta sustatzeko xedearekin, Ikastolen Elkarteak, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin elkarlanean, aurten Gernikan eta Durangon jokatu diren Winter Series neguko txapelketen desafioa Gasteizera ekarriko du martxoaren 31n, 19:30ean Olabe pilotalekuan.
Araba Euskaraz Open Series zesta-punta jaialdian (sarrerak salgai hemen, 5 euroko prezioan) lau bikote arituko dira aurrez aurre: alde batetik, Durangoko finalaren errebantxa, Maite Ortiz de Mendibil - Maialen Aldazabal txapeldunordeak Erika Mugartegi - Arai Lejardi txapeldunen aurka; eta, bestalde, Gernikako finalaren errebantxa, Xabier Barandika - Unai Lekarikabeaskoa txapeldunordeak Iñaki Osa Goikoetxea - Julen del Rio txapeldunen aurka.
"Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko" asmoari eutsi nahi dio Araba Euskarazek, eta aurten ere xede horri gogotsu heldu diote. "Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta, eta euskaraz egiten den kirola da; beraz, gure egitasmoarekin bat etortzeaz gainera, azken aldian susperraldia bizi duen kirol hau sustatu nahi dugu Araban", azaldu dute. "Arratsalde ilunabar gogoangarria igarotzeko moduko jaialdia, eliteko puntisten jokoarekin gozatu eta euskara, euskal kultura eta euskal kirola sustatzeko aukera paregabea", aurreratu dute.
KARTELA