Mugimendu Feministaren bitartez, Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak bi gertaera homofoboren berri izan du azken 24 orduetan.
Lehenengo erasoa abuztuaren 8an gertatu zen. Gizon talde batek Alde Zaharreko taberna batean dantzan ari zen mutil bati eraso egin zion, irain homofoboak eta bultzadak emanez.
Bigarren gertakaria, berriz, hilaren 9ko goizaldean jazo da, Gasteizko txosnen esparruan: bi pertsonak gazte bati bizkarretik eraso eta jipoitu egin dute, irain homofoboen artean. Ikusgunek jakinarazi du erasotutako gaztea ondo dagoela.
"Gasteiz hamaika aldiz agertu da indarkeria matxistaren aurka, eta argi utzi du eraso horiek ez dutela lekurik gure kaleetan. Lanean jarraituko dugu gure kaleetan, gure etxeetan, gure lanpostu eta gure bizitzako espazio bakoitzean LGTBI+fobiak tokirik izan ez dezan", adierazi du Ikusgunek.
Bere aldetik, Gasteizko Udalak "irmo gaitzetsi eta baztertu" ditu erasoak, biktimei eta haien inguruari "babesa eta hurbiltasuna" adieraziz. Gainera, haien esku jarri ditu behar dituzten "baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak". Horrez gain, Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa jarri du abian, eta premiazko bilera egin du informazio guztia biltzeko, eta erantzun instituzionala zein biktimaren eta bere inguruaren arreta koordinatzeko.