"Sarri jaiak egunerokotasuneko arauetatik at dauden denbora tartetzat hartzen ditugun arren, heteroarauan oinarritutako genero rolak erreproduzitu eta botere harreman, diskriminazio egoera eta zapalkuntzek bere horretan jarraitzen dutela badakigu", ohartarazi dute Blusa eta Nesken Elkarteko kideek, jaien bezperako arratsaldean San Migeleko balkoiko eskaileretan egindako prentsaurrekoan.
Bertan jakinarazi dute Blusa eta Nesken Elkarteko kuadrillek aurten ere eraso matxisten aurkako protokolo bat izango dutela, Gasteizko Mugimendu Feministarekin —jaietan ere protokolo feminista aktibatuko duena—, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin eta Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiarekin elkarlanean. Betiere, elkarteko emakume zein sexu-genero disidenteek lan egin dute protokoloa garatzen.
Azaldu dutenez, protokoloak hiru helburu nagusi izango ditu:
- Blusa eta Nesken Elkarteko kideen artean eraso matxisten inguruko kontzientziazioa eta lanketa bultzatzea.
- Eraso matxista baten aurrean jarduteko jarraibideak ematea.
- Eraso matxista baten aurreko erantzun publikoa edota barne mailako erantzuna ematea.
"Asko aurreratu dugu 2015. urtetik, bide honi ekin genionetik, baina oraindik ere bide luzea dugu egiteko, bizi dugun momentura egokitzeko esfortzua egin behar dugula sinesten dugulako", adierazi dute. "Norabide horretan, uste dugu badela garaia hausnartzen eta Blusa eta Nesken zein bere erreferenteen eredu binarioa birplanteatzen hasteko".
Halaber, kuadrillen arteko "saretzea, ahalduntzea eta indar batuketa" azpimarratu dituzte. "Autodefentsa feminista izan da gure tresna, ez garelako subjektu pasiboak, ez dugulako salbatzailerik behar, eta eraso matxisten aurrean erantzuna emateko eskubide osoa dugulako", gaineratu dute.
Amaitzeko, mezu argi bat bidali diete Gasteizko herritarrei: "Kuadrillak, tabernak, gauak, jaiak... gureak ere badira. Bilaka ditzagun espazio seguru. Guztion gozamenerako jaien alde. Gora borroka feminista! Gora autodefentsa feminista".