Pregoia

Joseba Fiestras: "Utz ditzagun atzean gatazkak eta kontzentratu gaitezen festan"

Erredakzioa 2022ko abu. 3a, 09:00

Bart gauean, Gasteizko jaietako pregoian, Joseba Fiestras kazetari eta FesTValeko zuzendariak gatazkak atzean uzteko eta festarako dei egin zuen: "Gasteiz topagunea izan dadila". Horrekin batera, pandemian zehar "bidean geratu direnak" gogoan izan zituen.

Dena prest ostegun honetan, 18:00etako txupinazotik aurrera Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko. Lehen mugarria bart gauean jarri zuen Joseba Fiestras kazetariak, 21:30ean Plaza Berrian 1.500 bat lagunen aurrean irakurritako pregoiarekin. FesTValeko zuzendariari lehen harrera egin zioten udaletxean Gorka Urtaran alkateak, Maider Etxeberria alkateordeak eta Estibaliz Canto Kultur zinegotziak.

Fiestrasek berak azaldu zuenez, "izugarri" maite ditu Gasteizko jaiak. Hain zuzen ere, bekaduna zela, duela 30 urte kazetari bezala egindako lehen lana Zeledonen jaitsieraren berri ematea izan zen. Horregatik, "poz handia" sentitu du 2022ko pregoia irakurri ahal izateagatik: "Pentsa ezazue zer den niretzat gaur, hiru hamarkada beranduago, Andre Mari Zuriaren jaietako pregoilaria izatea. Eta, gainera, halako egoera berezian, bi urtez festarik izan gabe egon ondoren".

"Une hau ohorea da. Oso gasteiztarra naiz eta ahal dudan toki guztietan harro agertzen naiz nire hiriarekin. A zer nolako harrokeriaz hitz egiten dudan gure jaiez!", gaineratu zuen. Sarrera hitzen ostean, bere lagun eta senideei eskerrak eman zizkien, bereziki Arantza bere emazteari "duela urte askotatik nirekin eta nire alboan baitago egiten ditudan gauza guztietan". Baita bere 12 urteko seme Lucasi ere: "Badakit Andre Mari Zuriaren jaiak asko gozatzen dituela. Blusa izan nahi du, eta ni oso pozik nago. Ikusten da nire parrandarako bokazioa jaso duela, Jainkoak gorde gaitzala!", esan zuen umorez.

Festa bai, gatazkarik ez

Pregoilariak mezu argi bat helarazi zien gasteiztarrei: "Gozatu ahalik eta gehien. Utz ditzagun atzean gatazkak eta kontzentratu gaitezen festan, Gasteiz topagunea izan dadila. Egin dezagun gozatzea izugarri gustatuko litzaiekeen baina zoritxarrez pandemiak honaino heltzen utzi ez dien horiengatik ere".

Horrekin batera, Gasteizko ostalariei keinu bat egin zien: "Bi urte zail izan dira, gogorrak. Batez ere, jaiek asko zor dieten sektore batentzat: ostalaritzarentzat. Kopak, pintxoak, Arabako Errioxako ardo zoragarriak, erreferente egiten gaituen gastronomia hori zerbitzatzen digutenek inoiz baino hobeto zaintzea merezi dute aurten".

"Bi urteren ondoren, hemendik pare bat egunetara, Andre Maria Zuriaren plaza jendez lepo ikustea espero dut, jaiak normaltasunez ospatzen, bizitza ospatzen eta bidean geratu direnak oroitzen. Haiengatik lehen brindisa", amaitu zuen Fiestrasek.

Hitzen ostean, Gorka Urtaran alkateak jaietako zapia jarri zion Fiestrasi, eta Zeledonen estatua txiki bat eman. Azkenik, Tribute to the Dubliners kontzertua ikusteko aukera izan zuten plazan bildutakoek, Irlandako dantza tradizionalen emanaldiarekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago