Itaiak etxeratze kolektiboak antolatuko ditu Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 18:30

Itaiaren prentsaurrekoa, gaur goizean San Bizente Aldapako Faroloian. / Argazkia: ITAIA

Abuztuaren 4an, 5ean eta 6an, 03:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik etxeratze kolektiboak antolatuko ditu Itaiak Gasteizko jaietan. Horrez gain, ziztada bidezko erasoen aurkako manifestazioa deitu du hilaren 3rako.

Gasteizko Mugimendu Feministak eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarri du abuztuaren 4tik 9ra bitartean ospatuko diren Gasteizko jaiei begira; besteak beste, eraso matxisten zein ziztaden aurrean jarduteko gomendioen gida plazaratu du, eta salaketak jasotzeko 747 414 834 telefono zenbakia aktibo izango du egun guztietan 24 orduz.

Bere aldetik, Mugimendu Sozialistaren parte den Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak dinamika propioa garatu du jaiei begira. Besteak beste, ziztaden aurkako manifestazioa deitu du asteazkenerako, etxeratze kolektiboak antolatuko ditu jaietako hiru egunetan, eta eraso zein ziztadei aurre egiteko gida bat plazaratu du. Hori guztia antolatzeko hainbat asanblada egin dituzte azken asteetan; horietako bat gaur bertan egin dute Gaztetxean, jaietako dinamika aurkezteko egindako prentsaurrekoaren ostean.

Etxeratze kolektiboak

Alde batetik, azken hilabeteetan Aranbizkarra edo Lakua auzoetako jaietan egin duten bezala, Gasteizko jaietan ere etxeratze kolektiboak antolatuko dituzte, erasoak prebenitzeko etxera lagunduta itzultzeko tresna gisa.

Hiru egunetan egingo dute: abuztuaren 4an, 5ean eta 6an, hau da, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 03:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik.

Ziztaden aurka, manifestazioa eta gida

Bestalde, bihar, abuztuaren 3an, asteazkenean, manifestazioa egingo dute "ziztaden fenomenoa eta emakumeok sufritzen ditugun erasoak" salatzeko; 20:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik. "Urgentziazkoa deritzogu goranzko joeran dagoen egoera honi modu antolatuan aurre egitea".

Manifestazioa deitzeaz gain, gida batean ziztaden aurrean jarduteko irizpideak plazaratu dituzte. Besteak beste, ziztatua izatekotan agertzen diren sintomak eta modu seguruenean jokatu ahal izateko gomendioak bildu dituzte bertan:

"Emakume langileok geure kabuz antolatu"

"Gasteizen egunero indarkeria matxistaren inguruko albisteekin esnatzen ari gara: horren adibide dira gutxienez hiru emakume ziztatuak izan direla Gasteizko diskoteka batean azken asteetan, aldagela batzuetan gertatu diren grabaketak, bikotekideen partetik indarkeria matxista pairatu duten hamaika emakumeak eta abar luze bat", ohartarazi dute Itaiako kideek. "Hori gutxi balitz, erasoak festa giroan biderkatu egiten direla ikus dezakegu, horren adibide argia izanik hain modu bortitzean normalizatzen ari den ziztaden gorakada. Honek argi adierazten du indarkeria matxista desagertzear dagoen auzi bat izatetik urrun, beldurra eta segurtasun eza emakumeon egunerokotasunaren parte bilakatu direla".

"Instituzio publikoek indarkeria matxistari aurre egiteko hutsune nabarmenak dituzte", Itaiaren ustez. "Erasoen kontrako jarrera aktiboa adierazten badute ere, aldaketa baterako potentzialitatetik ez duten eta aurpegi garbiketarako erabiltzen dituzten tresnak besterik ez direlako. Argi utzi nahi dugu ez dutela emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza gainditzeko gaitasunik ezta borondate errealik ere".

Egoera horretan, pandemiaren ondoriozko bi urteko geldialdiaren ostean, "jaietan emakume langileon kontrako indarkeria kasuak emango direla aurreikusgarria" dela ohartarazi dute: "Diskoteketan komentario lizunak, ziztaden erasoak, etxera bakarrik bueltatzearen beldurra edota beste hainbat herriko jaietan ikusten ari garen bortxaketak kasu". Horregatik, Itaiak "ezinbestekotzat" jo du "emakume langileok gure kabuz antolatzea, erasoak saihesteko eta eraso matxistei erantzun eraginkorrak eman ahal izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago