Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek badituzte Edurne eta Zeledon Txiki berriak: gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak harrera egin diete udaletxean. Alde batetik, Hegotarrak kuadrillako Elaia Berganzo izango da Edurne Txiki, eta Karraxi kuadrillako Unax Ferrera, berriz, Zeledon Txiki.
Bi gaztetxoek 11 urte dituzte, eta abuztuaren 7an, Gasteizko neska eta mutilen egunean, eskuetan eramango dituzten aterkiak jaso dituzte gaur. Igandean, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazara jaitsiko dira, Gasteizko Udal Musika Bandak eta Erraldoien Konpartsak lagunduta.