Joseba Fiestrasen pregoiak dena prest utziko du Gasteizko jaietarako

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 10:00

Joseba Fiestras, FesTVal jaialdiaren zuzendaria. / Argazkia: FESTVAL

FesTVal jaialdiko zuzendari Joseba Fiestrasek izango du gaur pregoia emateko ardura, 21:30ean Plaza Berrian. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea ere bada, bereziki ikus-entzunezkoei eta gastronomiari lotutako gaietan aritu da.

Joseba Fiestras izango da 2022ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoilaria. FesTValen zuzendaria, kazetaria eta aurkezlea, Gasteizen jaio zen Fiestras 1962an, eta hainbat komunikabidetan aritu izan da, gehienetan ikus-entzunezkoei lotuta: 1996tik Radio Vitorian Bogart baila con lobos irratsaioan, adibidez, edo El Correo egunkarian, telebista kritikak egiten, besteak beste; azken asteotan gertutik jarraitu du Supervivientes saioan izandako nobedadeak, bereziki Anabel Pantojaren kaleratzea.

2009an, Espainiako telebistaren lehen jaialdia jarri zuen abian, eta urtero, irailean, Arabako hiriburuan egiten da FesTVal. Hilaren 5etik 11ra egingo da aurtengo edizioa, eta, lehen aldiz, EITBk zuzenean emango du jaialdiaren bueltan egiten den gala. Alfonbra gorria iritsi bitartean, Gasteizko jaiei hasiera emateko ardura izango du Fiestrasek.

Abuztuaren 2an, asteartean, egingo du, 21:30ean Plaza Berrian. Ekitaldia amaitzeko, The Stompers & Nuala Irish Dancers. Tribute to The Dubliners ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

"Txundituta, ilusioz beteta, ustekabean harrapatuta, eskertuta... biltzen zaizkidan sentimenduak dira Gasteiz nire hiriko jaien pregoilari naizela jabetzean". Modu horretan mintzatu zen publikoki Joseba Fiestras kazetaria pregoilaria izango zen albistea zabaldu zenean.

Erlazionatuak

Gasteiz, jaiak hasteko egarriz

Erredakzioa 2022 uzt 29 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago