1947ko abuztuaren 2an, 18:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko lehen suziria bota zuten. Ziurrenik, Iruñeko jaietako txupinazoaren imitazio gisa egin zen, sei urte lehenagotik jaurtitzen ari zena. Jaurtiketaren lekua Goiuri plazatxoa izan zen, San Bizente aldaparekin bat egiten duen tokian, garai hartan hiriko alderik garaienean. Tokirik egokiena zelako aukeratu zuten, jendetzatik urrun, eta, gainera, suziriak jaurtitzeaz arduratzen zen lehengo suhiltzaileen parkearen ondoan.
Ordura arte ez zuten txupinazoa iragartzen, jaien hasierako lehen eguna eta ordua urtero aldatzen zelako: berdin izan zitekeen abuztuaren 2an, 3an edo 4an, 08:00etan, 15:00etan edo 18:00etan. Halere, 1951tik aurrera, jai guztiak 18:00etan hasi ziren; eta 1953tik aurrera, abuztuaren 4an hasi ziren beti. Hala, 1956. urtetik aurrera, txupinazoa udaletxeko balkoi nagusitik bota zuten, eta 1966. urtean, Andre Maria Zuriaren plazako San Migeleko balkoira aldatzea erabaki zuten, udaletxea eta Plaza Berria zaharberritzeko lanengatik.
1956tik aurrera, gainera, alkatearen esku geratu zen txupinazoa jaurtitzeko ardura. Gobernatu zuen bost legealdietan (1979-1999), txupinazoa botatzen aritu zen hiriko azken alkatea Jose Angel Cuerda izan zen. Ondoren, Alfonso Alonso PPko alkatearekin, 1999an udalbatzak erabaki zuen talde politikoen txanda sistema bat ezartzea, handitik txikira, udal hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera, txupinazoa jaurtitzeko.
Bi txupinazo
Hala izan zen 2002ra arte. Udal araudian ezarritako txanden arabera, urte horretan Batasunari tokatzen zitzaion jaietako txupinazoa botatzea, baina hori eragozteko, Batasunak ETAren indarkeria gaitzesten ez zuela argudiatuta, alkateak proposatuta, udaleko osoko bilkurak arau hori aldatzea onartu zuen.
Polemika handiaren ostean, 2002ko abuztuaren 4an, Batasuneko zinegotzi Jose Enrique Bertek txupinazo alternatiboa jaurti zuen, Andre Maria Zuriaren plazako balkoi batetik, 17:59ean. Minutu bat beranduago, Gasteizko PPko alkateak, jaiei hasiera ematen zien txupinazo ofiziala bota zuen, baina arrautza jaurtiketa galanta pairatu behar izan zuen eta txupina ertzainen armarriek babestuta bota zuen.
Hurrengo urteetan ere ez zen bakerik egon San Migeleko balkoian. Mikel Martinez zinegotzi jelkideak jaurti zuen 2004an, eta balkoian bildutako agintariek pintura hori eta gorriz betetako arrautza eta puxika zaparrada jasan zuten. 2006an, Alonso bera izan zen okerren pasatu zuena. Ospakizunak hasteko orduan, alkatea balkoira begira jarri zen, hiriko banderaren gainean, eta objektu zaparrada hasi zen. Bi arrautzek zuzenean jo zuten aurpegian.
Herritarren txanda
2007tik aurrera, PSOEko Patxi Lazkoz alkate zela, ohore hori elkarte edo pertsonen esku uztea erabaki zen. Besteak beste, Alfonso Alonsorekin izandako istiluak saihestu nahi zituzten zinegotziak. Hala, 2007an, Zeledonen sortzaileek jaurti zuten suziria, eta, ondoren, Odol Emaileek, udaleko kazetariek, talde euskaltzaleek, Elikagaien Bankuak, eta Martxoak 3 elkarteak suziria botatzen jarraitu dute.
Aurten, berriz, bost emakumek piztuko dute jaietako suziria, eta urtero bezala, suziriaren kanutoan ondo bildua joaten den Gasteizko bandera txiki-txiki batek goraino hegan egingo du, zerutik Arabako hiriburua jaietan dagoela iragarriz.