Ez dago kirolik gabeko jairik, eta hala izaten da ere Andre Maria Zuriaren jaietan. Neskak eta blusak lehiatu ohi dira herri kiroletan, baina, egiatan, normalean ez dute aparteko markarik lortzen, ez bada ondo pasatzearena. Profesionalek eta zaletuek dituzte horretarako beharrezkoa den abilezia eta trebezia.
Jaietan, egunero ikusi ahalko da trebezia hori Foru plazan, bertara eramango dutelako herri kirolen erakusketa zabal bat. Denetarik egongo da: harri-jasotzea, aizkora, trontza edota lasto-altxaketa, besteak beste.
Horien artean, noski, distira berezia izango du pilotak. Aperitiboa Santiago egunean bertan egon zen, egun horretan jokatu zituztelako Emakumezkoen Gasteizko Pilotako II. Masterraren lehen jardunaldiak: goizean eskuko finalerdien txanda izan zen, eta, arratsaldean, paletakoak.
Lehia estua
Eskukoetan, Amaia Aldai eta Andrea Capellan nagusitu ziren (22-15) lehen partidan. Lehia are handiagoa egon zen bigarrenean, baina, azkenean, Miren Larrarte eta Nora Mendizabal gailendu ziren (22-21). Lau neska hauek jokatuko dute, beraz, abuztuaren 7an Foru plazako pilotalekuan izango den finala.
Paletakoetan, Ane Ibañez eta Naroa Saez izan ziren irabazle lehen partidan; Haizea Salanueva eta Andere Canales, berriz, bigarrenean. Horiek ere, beraz, 7an lehiatuko dira, emozio handikoa izatea espero den final batean.
Egun horretakoa ez da izango, noski, jaietako pilota jarduera bakarra. Jaietan zehar Eskuz Binakako Andre Maria Zuria Txapelketa zein Green Capital Pala Txapelketa ere izango dira, zaletuen gozamenerako. Ohi bezala, partida hauek Foru plazan izango dira, baina, euria egiten badu, Ogeta pilotalekura eramango dituzte.
Bikoteka
ALDAI-CAPELLAN
Amaia Aldai "eskarmentu eta erabakitasun handiko" aurrelaria dela nabarmendu du udalak. Andrea Capellan errioxarra atzelaria da, eta pneumonia oso gogor baten ondorioz 2021ean frontoietatik urrun egon ondoren, lehen lerrora itzuli da.
LARRARTE-MENDIZABALMiren Larrarte "joko alaia bilatzen duen pilotaria" da, tantoa bilatzeko prest dagoena. Nora Mendizabal Nafarroako Foru Erkidegoko Txapelketako egungo txapelduna da. Atzelaria, kantxan presentzia handia du, eta jo luzekoa.
IBAÑEZ-SAEZAne Ibañez paleta argentinarreko munduko txapelketetan eta Espainiako kopetan jokatu du. Naroa Saez, berriz, Hernaniko pilotari trebea da.
SALANUEVA-CANALESHaizea Salanueva Gasteizen bizi den nafarra da, gomazko pilotari indartsuenetako bat gaur egun. Andere Canales, berriz, orozkoarra da, eta, besteak beste, Bizkaia Cup txapelketa irabazi du Olgeta elkartearekin.