Pegados a la fiesta liburuko bildumak blusa eta nesken kuadrillen zein Blusen eta Zeledon Txikiren Batzordearen armarria edo izena duten pegatinak biltzen ditu. Sancho el Sabio Fundazioaren funtsaz gain —politika, euskara, jaiak, gai sindikalak, elkarteak edo ekologia oinarri dituzten pegatinen 20.000 pegatina inguru ditu fundazioak—, sare sozialen bidez dei publikoa egin zuten, nahi zuenak gordeta zituen pegatinak helaraz zitzan.
Guztira 475 pegatina bildu eta digitalizatu dituzte, eta beste 222 gorde dituzte kontserba daitezen. Rafael Resines Pradera fundazioko artxibozain eta liburuaren egilearentzat, erronka handienetako bat izan da "dagoeneko desegin eta festetatik desagertu diren blusa eta nesken kuadrillen pegatinak bilatzea, ale asko betiko galdu baitira".
Zaharrenak 1978 eta 1979 urteetakoak dira, Batasuna eta Jatorrak kuadrillenak. Trantsizioaren garaikoak dira, eta horien izaera aldarrikatzailea nabaria da, baita umorearen bidez hiriko botere politikoei kritika egiteko helburua ere. Denboran aurrera egin ahala, emakumeak kuadrilletan sartzen hasi ahala, mezu ez-sexista eta gero eta inklusiboagoak antzeman daitezke.
Liburuaren jendaurreko aurkezpena uztailaren 12an egingo dute, datorren asteartean, 19:00etan Vital Fundazioa Kulturunean, Bakea kaleko 5. zenbakian, Dendarabako lehen solairuan. Egileak berak, Jesus Prieto Mendaza antropologoak eta Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendari Jesus Zubiagak hartuko dute parte sarrera libreko ekitaldian.