Urtarrilaren amaieran, 23. Korrikak eta Ikastolen Elkarteak ikastetxeentzako unitate didaktikoak aurkeztu zituzten. Joan den ostiralean, berriz, euskaltegientzako unitate didaktikoak aurkeztu zituen AEKk, Altsasuko Itsasi euskaltegian, Amaia Lopez de Luzuriaga eta Joseba Irazabal egileekin batera.
Korrikaren webgune ofizialean unitate laburrak topa daitezke dagoeneko. Alde batetik, Korrika badatorrela iragartzeko albiste motzak daude, edizio honetako kanta aitzakiatzat hartuta; ataza horiek abenduan argitaratu zituzten, kanta publiko egitearekin batera. Horrez gain, Ane Elordi Alburquerque Korrikako arduradun nagusiari egindako elkarrizketa bat txertatu dute ere. Unitate horiei lotuta, hamabi galderako Kahoot jolasa sortu dute, behe-mailetako zenbait eduki errepasatzeko.
Bestalde, Korrikaren ibilbidearen inguruko jolasa argitaratu dute, urtero bezala baina zenbait nobedaderekin. Esaterako, aurten online galdetegi bat prestatu dute, paperezko txartelak mozten ibili beharrean, galderak online irakurri eta erantzun ahal izateko. Ohiko galderez gain, audioak eta bideoak erabili dituzte jolasean. Gainera, unitate labur horri amaiera emateko, euskara ikasleek Korrikaren app-aren inguruko albistetxo bat irakurri ahal izango dute, ibilbidearen inguruko xehetasunak ezagutzeko.
Azkenik, Joserba Irazabalek Korrika historian atala sortu du, aurtengo unitate didaktikoen zati nagusia izango dena. Gehienbat online egitekoa da, eta bertan ibilbide birtual bat proposatu diete ikasleei: hamarkadaz hamarkada, Korrikatik Korrikara bidaiatzeko aukera. Lehendabiziko pantailetan unitate osoko lanen azalpena aurkituko dute: Korrika 80. hamarkadan, 90. hamarkadan ala XXI. mendean. "Gure proposamena hirurak jarraian egitea da", azaldu du Irazabalek.
Garaia aukeratu ostean, hamarkada bakoitzean Korrika nola garatu zen eta euskarak zein munduak nolako egoera bizi zuten erakutsiko duten bideo batzuk zabalduko zaizkie ikasleei. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza eta ulermen jarduerak ere txertatu dituzte unitateetan.
BIDEOA