Korrikaren unitate didaktikoak, ikastetxeen esku

Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 09:30

23. Korrikaren unitate didaktikoen aurkezpena. Argazkia: AEK

AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanari esker, kalean dira Euskal Herri osoko ikastetxeentzako 23. Korrikaren unitate didaktikoak, Haur Hezkuntzatik Batxilergora sailkatuta.

Harro herri lelopean, 2024ko martxoaren 14tik 24ra izango da 23. Korrika, Irundik Baionara. Ekimenaren aurtengo edizioaren aurkezpen ofizialaren ostean, Gasteizko Korrika Dendaren inaugurazioa, Badon* opera garaikidearen estreinaldia, Mursegoren abestia eta bideoklipa, eta ibilbidearen aurkezpena iritsi dira bata bestearen atzetik.

Bi hilabete baino gutxiago falta direnean, euskararen aldeko herri ekimenaren antolatzaileek motorrak berotzen jarraitzen dute. Eta aste honetan argitaratu dituzte 23. Korrikaren unitate didaktikoak, AEKren eta Ikastolen Elkartearen elkarlanari esker. Euskal Herri osoko eskoletan zabaltzeko materialak dira, eta Korrikaren webgunean modu digitalean eskuragarri daude jada:

3 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat

Ikasmaterialak adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora:

  • HARRO unitatea: 3 eta 6 urte bitartekoentzat. Ikasgelako arbela digitalean proiektatzea proposatzen da.
  • HERRI unitatea: 6 eta 9 urte bitartekoentzat. Ikasgelako arbela digitalean proiektatzea proposatzen da.
  • ORRO unitatea: 9 eta 12 urte bitartekoentzat. Ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko.
  • KORRI unitatea: 12 eta 18 urte bitarteko ikasle nagusientzat. Ikasleek ordenagailu eramangarriak erabil ditzakete webgunean sartzeko.

Gainera, aurten hainbat berrikuntza dakarte, betiko helburuei eutsita: "Euskararen aldeko jarrera zabaldu, euskararen aldeko kontzientzia suspertu, eta erabileran eragitea; eta, nola ez, Korrika ezagutaraztea", Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitate didaktikoen egilearen hitzetan.

Era berean, unitateen sortzaileek azpimarratu dute jarduerak ez direla soilik euskara arloan lantzekoak eta hainbat irakasgaitan erabiltzeko pentsatuta daudela, esaterako, Gorputz Hezkuntzan.

 

Irakasleen esku

Gida didaktikoak ez daude soilik ikasleei zuzenduta, eta irakasleek ere unitate bakoitzari dagokion gida deskargatzeko aukera dute; jarduerak aurrera eramateko argibide guztiak daude bertan. Bi asteko kanpaina egitea proposatu dute AEKk eta Ikastolen Elkarteak, baina irakasle bakoitzaren esku dago edukiak denbora luzeagoz erabili edo proposamenak laburtzea.

"Prozedurari dagokionez, gauza bera: edukiak adin-tarteka banatuta egon arren eta jarduerek nolabaiteko hurrenkera bat badaukate ere, irakasle taldearen esku geratuko da jarduera guztiak gauzatu ala ez, aukeraketa bat egingo den, beste adin-tarte baterako jardueraren bat egokitu nahi duten... Azken batean, materiala ez da zurruna eta nahieran erabil daiteke", azaldu dute.

Berrikuntzak

Dagoeneko klasiko bihurtu diren jarduerez gain (petoa, lekukoa, ibilbidea, mezua...), aurtengo nobedadeen artean, besteak beste, jarduerei lotura emango dien Goiatz Labandibar idazlearen ipuina dago: Ispilu harrogarria, Nora eta Harri umeak protagonista dituena; Lor Kortak egin du ipuinaren kontaketa.

Horrez gain, bestelako proposamenak daude Korrikaren webguneko baliabide-kutxan:

  • Harro, herri, korri! esku-jolasa: Harri, orri, ar jolasean oinarrituta, Irundik Baionara doan ibilbidea osatu beharko dute ikasleek.
  • Artelana: edizio honetako logoaren atzeko irudiak euskararen eta euskal kulturaren inguruko erreferentzia ugari ditu. Ikasleek horiek identifikatu beharko dituzte, antzeko irudiak sortu eta horma-irudi handi bat eraiki.
  • Omenaldia: Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboari elkartasun gutunak bidaltzea proposatzen da. Ikasle nagusiagoei Korrikaren dokumentalaren inguruan zineforum bat antolatzea ere iradoki zaie.
  • Ozto(poz) lasterketa: Korrikak ibilbidean zehar gainditu behar izaten dituen oztopoei erreferentzia egiten die jarduerak, Gorputz Hezkuntzako saioetan oztopoz beteriko zirkuitu bat gauzatzeko.
  • Plazara dantzara!: Myrian Perezek edizio honetarako sortutako koreografia.
  • Korrikahoot jolasak: Korrikaren historia hobeto ezagutzeko jarduerak.
  • Bingo musikatua: hainbat ediziotako kantak ezagutzeko ariketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago