De Miguel eta Otxandiano Zaballako espetxean sartu dira

Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 09:30

Alfredo de Miguel ezkerrean, eta Koldo Otxandiano eskuinean. Argazkiak: EITB

Kartzelan sartzeko 72 orduko epearen barruan, Zaballako espetxean borondatez aurkeztu dira Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandiano EAJko goi-kargudun ohiak, ustelkeria delituengatik ezarritako zigorrak betetzeko.

El Correo egunkariak argitaratu duenez, Koldo Otxandiano (lehenik, asteazken gauean) eta Alfredo de Miguel (bigarrenik, ostegun goizean) EAJren Arabako buruzagi ohiak Zaballako espetxean sartu dira jada, borondatez eta epaileak emandako 72 orduko epearen barruan. De Miguel auziko tramako buru gisa epaiketako zigortu nagusietako biek 7 eta 12 urteko espetxe zigor bana bete beharko dute, hurrenez hurren, ustelkeria delituak egotzita; De Miguelen kasuan, gehienez 9 urte bete beharko ditu.

Bi zigortuek eskutik eskura jaso zuten zigorra betearazteko Arabako Probintzia Auzitegiaren agindua, astelehenean. Horren arabera, De Miguelek eta Otxandianok bi aukera zituzten: alde batetik, "72 orduko epean aukeratutako espetxean sartzea, auzian ezarritako espetxe zigorra betetzeko"; bestela, "Estatuko Segurtasun Indarrei agindua emango zaie atxilotu eta espetxean sartzeko".

Indultuaren zain

Hauteskundeak igarota, maiatzaren amaieran, Alfredo de Miguel espetxeratzeko agindua eman zuen Arabako Probintzia Auzitegiak, kartzela zigorra eteteko egindako eskaerari uko eginez. Ekainaren hasieran, bere "azken" helegitea aurkeztu zuen De Miguel auziko tramaren buruak; erreguzko errekurtsoa, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuari eskatutako indultua ebatzi bitartean espetxeratze agindua atzeratu eta prozesua luzatzen jarraitzeko.

Joan den astean, Arabako Probintzia Auzitegiak ukatu egin zuen Alfredo de Miguelen kartzela saihesteko azken saiakera, besteak beste, De Miguel ustelkeria delitu larriengatik zigortua izan dela argudiatuz, eta zigorra "atzerapenik gabe" betetzeko eskatuz.

Horrez gain, epaitegiak Koldo Otxandiano eta Aitor Telleriaren egoerari buruzko ebazpenak plazaratu zituen ere: lehenengoaren kasuan, epaileak zioen helegitean alegatutako osasun arazoek ez diotela eragozten kartzelara sartzea; Telleriaren kasuan, berriz, mediku txostena zabaltzea erabaki zuen epaileak, bere osasun egoera xehetasun handiagoarekin aztertzeko.

Maiatzaren 16an, Xabier Sanchez Robles De Miguel auziko lehen espetxeratua bilakatu zen. Sanchez Roblesekin batera, Alfredo de Miguel tramako burua (12 urte eta 4 hilabete, tramaren buru izatea egotzita; 9 urteko betearazpena) eta Koldo Otxandiano (6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena) espetxeratu dituzte gaur. Bestalde, Aitor Telleriaren (5 urte eta hilabete bat) kasua epaitegiaren esku dago une honetan. Gainerako kondenatuek espetxea saihestu dute, zigor txikiagoak zituztelako.

Beste hiru zigortu nagusiek ez bezala, Sanchez Roblesek ez zuen indulturik eskatu, ezta espetxeratzea atzeratu edo saihesteko azterketa medikoaren aukera erabili ere. Alfredo de Miguelen indultu eskera Espainiako Gobernuaren eskuetan dago orain, baita beste bi burukide ohiena ere. Hala ere, epaileen ustez, Espainiako Gobernuak indultua onartzeko aukera "eskasa" da, besteak beste, ezarritako zigorren larritasuna eta kasuak sortutako "alarma sozial handia" direla eta.

Hamalau urteko prozesua

De Miguel auzia duela hamalau urte abiatu zen. Trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskatu zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua eta Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua.

2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko amaieran, Arabako Probintzia Auzitegiak hamabost pertsona zigortu zituen guztira. Auzitegi Gorenak 2023ko urtarrilean berretsi zituen zigor nagusiak, eta martxoan plazaratu zuen epai irmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago