Duela astebete, De Miguel auziaren epai irmoa jakinarazi zuen Auzitegi Gorenak, Arabako azken hamarkadetako ustelkeria kasurik handienaren amaiera gerturatuz eta EAJko hainbat goi-kargudun ohi espetxeratzeko zigorrak baieztatuz.
Hurrengo urratsa zigortu nagusiak sozietate publikoetan zituzten lanpostuetatik kaleratzea zen, eta hurrengoa espetxeratzea. Kaleratzeak gauzatu egin dira jada, eta, besteak beste, Alfredo De Miguelek HAZI Fundazioan zuen kargua eta lanpostua galdu ditu. Espetxeratzea, berriz, atzeratu edo eten daiteke, hurrengo egunetarako aurreikusita zegoen arren.
Izan ere, Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez —baita urtarrilean aukera hori aurreratu ere—, De Miguel eta Telleria zigortu nagusietako bik kartzela saihesteko indultu eskaera formalizatuko dute laster, beren inguru sozialaren bitartez. Hala, Arabako Probintzia Auzitegiaren esku geratuko litzateke EAJko goi-kargudun ohien espetxeratzea behin-behinean eteteko ala gauzatzeko ebazpena, Espainiako Gobernuak indultuaren inguruko erabakia hartzen duen bitartean.
Une honetan, De Miguelek 12 urte, 4 hilabete eta 15 eguneko zigorra du (gehienez 9 urteko betearazpenarekin). Telleriak, berriz, 6 urte, hilabete bat eta 15 egunekoa.
Abokatu aldaketa
Indultu eskaeraz gain, Alfredo de Miguelek espetxea saihesteko beste estrategia bati ekin dio azken momentuan, Eldiario.es hedabidearen informazioen arabera: orain arteko abokatua aldatu egin du, eta espetxe zigorrak etetea eskatu du.
Horretarako, abokatu berriak —Estefania Rojo, Gonzalo Susaetaren ordez— erregu-errekurtso bat aurkeztu du, argudiatuz ezarritako zigor guztien artean batek bakarrik gainditzen duela bi urteko zigorra (zilegi ez den elkartea); hortaz, defentsaren aburuz, gainerako zigorrak exekutatu gabe geratu beharko lirateke.