Hauteskundeak igarota, Alfredo de Miguel espetxeratzeko agindua eman dute

Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 11:00

Alfredo de Miguel, Gasteizko epaitegietatik ateratzen. / Argazkia: EITB

De Miguel auziko tramaren buruak kartzela zigorra eteteko egindako eskaerari uko egin dio Arabako Probintzia Auzitegiak, eta "berehala" espetxeratzeko agindu du.

Maiatzaren 16an, Xabier Sanchez Robles 'De Miguel' auziko lehen espetxeratua bilakatu zen. Sanchez Roblesekin batera, Alfredo de Miguel tramako burua (12 urte eta 4 hilabete, tramaren buru izatea egotzita; 9 urteko betearazpena), Koldo Otxandiano (6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena) eta Aitor Telleria (5 urte eta hilabete bat) daude une honetan espetxeratuak izateko zorian.

Beste hiru zigortu nagusiek ez bezala, Sanchez Roblesek ez zuen indulturik eskatu, ezta espetxeratzea atzeratu edo saihesteko azterketa medikoaren aukera erabili ere. Alfredo de Miguelen indultu eskera Espainiako Gobernuaren eskuetan dago orain, baita beste bi burukide ohiena ere.

Indultua aztertu bitartean kartzela zigorra eteteko De Miguelek egindako eskaerari uko egin dio Arabako Probintzia Auzitegiak, Eldiario.es hedabideak eta beste hainbat hedabidek argitaratu dutenez. Epaitegiak hauteskundeetatik ordu gutxi batzuen ostean, astelehenean, jakinarazi du ostegunean sinatutako ebazpena: kondenaren betearazpena eta berehalako espetxeratzea.

Ohiko epea hamar egunekoa da, baina De Miguelek erreguzko errekurtsoa aurkezteko aukera du oraindik, azken ebazpena ezagutu eta hiru eguneko epean. Epaileen ustez, Espainiako Gobernuak indultua onartzeko aukera "eskasa" da, kasuak sortutako "alarma sozial handia" dela eta.

Hamalau urteko prozesua

Lehen espetxeratze hau De Miguel auzia abiatu zenetik hamalau urtera iritsi da. Trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskatu zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua eta Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua.

2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko amaieran, Arabako Probintzia Auzitegiak hamabost pertsona zigortu zituen guztira. Auzitegi Gorenak 2023ko urtarrilean berretsi zituen zigor nagusiak, eta martxoan plazaratu zuen epai irmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago