Alfredo de Miguelen "azken" helegitea

Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 17:00

Aitor Telleria eta Alfredo De Miguel epaiketan. Argazkia: EITB MEDIA

Erreguzko errekurtsoa aurkeztu du De Miguel auziko tramaren buruak, Espainiako Gobernuari eskatutako indultua ebatzi bitartean espetxeratze agindua atzeratu eta prozesua luzatzen jarraitzeko.

Hauteskundeak igarota, maiatzaren amaieran, Alfredo de Miguel espetxeratzeko agindua eman zuen Arabako Probintzia Auzitegiak, kartzela zigorra eteteko egindako eskaerari uko eginez. Ohiko epea hamar egunekoa da, baina De Miguel auziko tramaren buruak erreguzko errekurtsoa aurkezteko aukera zuen oraindik.

Eta hori egin du, hain zuzen ere, EAJko eta Arabako Diputazioko kargudun ohiak, Estefania Rojo bere abokatu berriaren eskutik. Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, ustelkeriagatik ezarritako kartzela zigorraren betearazpena atzeratzen jarraitzeko asmoz, De Miguelek beste helegite bat aurkeztu du azken egunetan. Hedabide digitalaren arabera, kontsultatutako iturri judizial guztiek azpimarratu dute helegitearen bideragarritasuna "oso txikia" dela eta helburu bakarra "prozesua luzatzea" dela.

Indultuaren zain

Maiatzaren 16an, Xabier Sanchez Robles De Miguel auziko lehen espetxeratua bilakatu zen. Sanchez Roblesekin batera, Alfredo de Miguel tramako burua (12 urte eta 4 hilabete, tramaren buru izatea egotzita; 9 urteko betearazpena), Koldo Otxandiano (6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena) eta Aitor Telleria (5 urte eta hilabete bat) daude une honetan espetxeratuak izateko zorian. Gainerako kondenatuek espetxea saihestu dute, zigor txikiagoak zituztelako.

Beste hiru zigortu nagusiek ez bezala, Sanchez Roblesek ez zuen indulturik eskatu, ezta espetxeratzea atzeratu edo saihesteko azterketa medikoaren aukera erabili ere. Alfredo de Miguelen indultu eskera Espainiako Gobernuaren eskuetan dago orain, baita beste bi burukide ohiena ere. Hala ere, epaileen ustez, Espainiako Gobernuak indultua onartzeko aukera "eskasa" da, besteak beste, ezarritako zigorren larritasuna eta kasuak sortutako "alarma sozial handia" direla eta.

Hamalau urteko prozesua

De Miguel auzia duela hamalau urte abiatu zen. Trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskatu zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua eta Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua.

2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko amaieran, Arabako Probintzia Auzitegiak hamabost pertsona zigortu zituen guztira. Auzitegi Gorenak 2023ko urtarrilean berretsi zituen zigor nagusiak, eta martxoan plazaratu zuen epai irmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago