Alfredo de Migueli "atzerapenik gabe" kartzelan sartzeko eskatu dio epaileak

Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 09:00

Ezkerretik eskuinera, Otxandiano, Telleria eta De Miguel. Argazkia: EITB

Arabako Auzitegiak atzera bota ditu De Miguel eta Otxandianoren helegiteak, eta laster joan beharko dira espetxera. Aldiz, Aitor Telleriaren egoera berriro aztertzea onartu du.

Hauteskundeak igarota, maiatzaren amaieran, Alfredo de Miguel espetxeratzeko agindua eman zuen Arabako Probintzia Auzitegiak, kartzela zigorra eteteko egindako eskaerari uko eginez. Ekainaren hasieran, bere "azken" helegitea aurkeztu zuen De Miguel auziko tramaren buruak; erreguzko errekurtsoa, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuari eskatutako indultua ebatzi bitartean espetxeratze agindua atzeratu eta prozesua luzatzen jarraitzeko.

Astelehen honetan Eldiario.es Euskadi hedabideak argitaratu duenez, Arabako Probintzia Auzitegiak ukatu egin du Alfredo de Miguelen kartzela saihesteko azken saiakera. Besteak beste, epaileak argudiatu du De Miguel ustelkeria delitu larriengatik zigortua izan dela, eta zigorra "atzerapenik gabe" betetzeko eskatu dio.

Horrez gain, epaitegiak Koldo Otxandiano eta Aitor Telleriaren egoerari buruzko ebazpenak plazaratu ditu ere: lehenengoaren kasuan, epaileak dio helegitean alegatutako osasun arazoek ez diotela eragozten kartzelara sartzea; Telleriaren kasuan, berriz, mediku txostena zabaltzea erabaki du epaileak, bere osasun egoera xehetasun handiagoarekin aztertzeko.

Indultuaren zain

Maiatzaren 16an, Xabier Sanchez Robles De Miguel auziko lehen espetxeratua bilakatu zen. Sanchez Roblesekin batera, Alfredo de Miguel tramako burua (12 urte eta 4 hilabete, tramaren buru izatea egotzita; 9 urteko betearazpena), Koldo Otxandiano (6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena) eta Aitor Telleria (5 urte eta hilabete bat) daude une honetan espetxeratuak izateko zorian. Gainerako kondenatuek espetxea saihestu dute, zigor txikiagoak zituztelako.

Beste hiru zigortu nagusiek ez bezala, Sanchez Roblesek ez zuen indulturik eskatu, ezta espetxeratzea atzeratu edo saihesteko azterketa medikoaren aukera erabili ere. Alfredo de Miguelen indultu eskera Espainiako Gobernuaren eskuetan dago orain, baita beste bi burukide ohiena ere. Hala ere, epaileen ustez, Espainiako Gobernuak indultua onartzeko aukera "eskasa" da, besteak beste, ezarritako zigorren larritasuna eta kasuak sortutako "alarma sozial handia" direla eta.

Hamalau urteko prozesua

De Miguel auzia duela hamalau urte abiatu zen. Trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskatu zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua eta Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua.

2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko amaieran, Arabako Probintzia Auzitegiak hamabost pertsona zigortu zituen guztira. Auzitegi Gorenak 2023ko urtarrilean berretsi zituen zigor nagusiak, eta martxoan plazaratu zuen epai irmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago