De Miguel auziaren epai irmoa jakinarazi du Auzitegi Gorenak

Erredakzioa 2023ko mar. 15a, 16:45

Otxandiano, Telleria eta De Miguel, 2018ko epaiketan. / ALEA

Arabako Lurralde Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia jaso du. Jada helegiterik jartzeko aukerarik gabe, zigortuen espetxeratzea da hurrengo urratsa, baita Alfredo De Miguel HAZI Fundaziotik kaleratzea ere.

Irmoa eta ofiziala da jada, eta ezin da errekurtsorik jarri: Espainiako Auzitegi Gorenak ofizialki jakinarazi du De Miguel auziaren epaia, Arabako Lurralde Auzitegiaren eta alde guztien esku utziz. Horrela, zigortuak espetxean sartzeko atzera-kontaketa martxan jarri da. Gaurko jakinarazpenak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren teilatuan utzi du pilota HAZI Fundazio publikotik Alfredo De Miguelen kaleratzea gauzatzeko (Itsas Garapen Elkarteko koordinatzailearen lanpostutik).

Epaitegietako langileen grebaren erdian, datozen egunetan irmotasun-autoak jakinaraziko zaizkie Alfredo De Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria EAJko goi-kargudun ohiei eta Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiari, kondenak betearazten hasteko; hau da, sorpresarik ezean, espetxera sartzeko.

Bitartean, bi urte baino gutxiagoko espetxe zigorra duten auzipetuek kartzela saihestu ahal izango dute, erantzukizun ekonomikoei eta isunei aurre eginez. Lau zigortu nagusien kasuan, espetxea saihesteko bi aukera daude: osasun arazoak argudiatzea, gertagarria Otxandiano eta Telleriaren kasuetan; edo indultu bat eskatzea, De Miguelen eta Sanchez Robles kasuetan.

Zigor nagusiak

Hamar urteko prozesuaren ostean, eta 2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko abenduan iritsi zen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia. Eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean baieztatu zituen De Miguel auziko zigor nagusiak (xehetasun guztiak hemen). Lau zigortu nagusiei eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa egotzi zaie, 2009an Ainhoa Alberdi enpresari eta abokatuak argitara ateratako ustelkeria kasuaren barruan:

  • Alfredo De Miguel: 12 urte eta 4 hilabete; 9 urteko betearazpena.
  • Koldo Otxandiano: 7 urte eta 6 hilabete; 6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena.
  • Aitor Telleria: 5 urte eta hilabete bat.
  • Xabier Sanchez Robles: 7 urte eta hilabete.
  • Beste zigortuak (bi urtetik gorako zigorrak):
    • Iñaki San Juan, De Miguelen bazkidea hainbat negoziotan: 4 urte, 4 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra eta 3.600 euroko isuna.
    • Josu Azkarraga Montes, kultura enpresaria: 3 urte, 9 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta 2.700 euroko isuna.
  •  

Hamalau urte eta gero, espetxera

Funtsean, De Miguelen eta ingurukoen negozioa oso sinple eta zaharra izan den arren —kontratu publikoak ematearen alde komisioak kobratzea–, delitu sare hori egiteko delitu mota asko egin behar dira, eta epaiketan horietako asko azaleratu ahal izan dira. Besteak beste, influentzia trafikoa, prebarikazioarekiko indukzio edo lankidetza, funtzionariok erostea, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea, legez kanpoko elkartzea edo eta kapitalak zuritzea.

Orain epai irmoa jaso duen trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskaini zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua zen, Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua, gainera.

Ikerketa judizialak pixkanaka alfonbra asko mugitu zituen, eta tamaina handiko ustelkeria trama bat azaldu zen horien atzetik. Horietako asko Miñaoko Teknologia Parkeari lotuta egon ziren, bai beste zenbait administrazio publikori ere, hala nola Zanbrana, Zigoitia eta Lapuebla de Labarcako udalei. Horietan guztietan, antzekoa zen jokabidea: kontratu publikoak manipulatzea enpresarien aldetik komisio horiek lortzeko.

Lepo zuriko delinkuentzian ohikoa den moduan, horrelako jokabideekin eskuratutako dirutza zuritu ahal izateko, De Miguelek bideratutako tramak hainbat enpresa mamu sortu zituen, beren beregi sortutako sozietateez baliatuz. Komisioetako dirua kudeatzeko Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga sozietateak erabili zituzten, eta horietan izen-mailegatzaile edo testaferro gisa aritzeko De Miguelen eta Otxandianoren emazteak aritu ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago