De Miguel auziko zigor nagusiak berretsi ditu Gorenak

Erredakzioa 2023ko urt. 10a, 15:00

Koldo Otxandiano, Aitor Telleria eta Alfredo De Miguel, ezkerretik eskuinera. / ALEA

EAJren ustelkeria kasurik larrienaren zigor nagusiak baieztatu ditu Auzitegi Gorenak. Akusatu nagusiak espetxeratuko dituzte, eta "EAJren exekutibako kide gisa politikan eragiteko zuten gaitasunaz baliatu" izana egotzi die epaitegiak.

2009an salatu eta abiatu zen De Miguel auzia, EAJren inguruko inoizko ustelkeria kasurik handiena, Ainhoa Alberdi enpresari eta abokatuak Miñaoko parkeko esleipen baten truke 100.000 euroko "komisioa" ordaintzeari uko egin zionean. Alberdik estortsio saiakera grabatu eta salaketa aurkeztu zuen Fiskaltzaren aurrean.

Hamar urte beranduago, 2019an iritsi zen Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak zigor nagusiak berretsi ditu, defentsen helegiteei erantzunez beheranzko hainbat aldaketa ezarri dituen arren.

Eldiario.es hedabideak argitaratu duenez, epaia irmoa da, baina zigortuek Konstituzio Auzitegira zein Estrasburgora jotzeko aukera dute orain, beren eskubideak urratu direla argudiatuta. Nolanahi ere, bi urtetik gorako zigorrak dituzten hainbat auzipeturen espetxeratzea ekarriko du ebazpenak.

De Miguel, Otxandiano eta Telleria

Hiru akusatu nagusiak EAJren Arabako buruzagiak ziren, eta hirurak zigortu dituzte Kataia Consulting enpresaren inguruan eratutako ustelkeria-sarearen bitartez "eragimen trafikoagatik, prebarikazioarekiko indukzio edo lankidetzagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, dokumentuak faltsutzeagatik, legez kanpoko elkartzeagatik eta kapitalak zuritzeagatik":

  • Alfredo De Miguel, Arabako EAJko "bigarrena" zena: 12 urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra eta 351.690 euroko isuna; 9 urteko betearazpena. Hasierako zigorra 13 urtekoa zen.
  • Koldo Otxandiano, Miñaoko kontablea eta EAJko kidea: 7 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 182.006 euroko isuna; 6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena.
  • Aitor Telleria, EAJko kidea eta Gasteizko zinegotzi ohia: 5 urte, hilabete bat eta 15 eguneko espetxealdia eta 180.220 euroko isuna.

Gainera, hiruren kasuan, epaitegiak frogatutzat eman du "Eusko Alderdi Jeltzalearen Arabako exekutibako kide gisa zuten eragin politikorako gaitasunaz eta autonomia zein udal-administrazioan postu garrantzitsuak zituzten pertsonekiko laguntasun politikoaz baliatuta, administrazio erakunde jakin batzuek komisio bat ordaintzeko prest zeuden enpresaburuei obra edo zerbitzu kontratuak esleitzea bultzatzeko hitzartu" zirela.

"Komisio horien kobrantza estaltzeko, akusatuek hainbat sozietate eratu zituzten, enpresari onuradunei gezurrezko zerbitzuak fakturatzeko. Sozietateak ez ziruditen auzipetuenak, izen-mailegatzaileen titularitatepean eratu baitziren", dio epaiak.

Zigorren baieztapena ezagutu eta gutxira, De Miguel eta Ochandiano lan egiten ari ziren sozietate publikoetatik "berehala" kaleratzeko agindu du Eusko Jaurlaritzak: lehenengoaren kasuan, HAZI Fundazioan ari zen lanean, ardura postuetan; bigarrenak, berriz, Miñaoko parke teknologikoko kontablea izaten jarraitzen zuen.

Beste zigorrak

  • Xabier Sanchez Robles, Gazteriako zuzendari ohia: 7 urte, hilabete bat eta 15 eguneko kartzela zigorra eta 3.600 euroko isuna. Tramako enpresek esleipen irregularrak lortzea erraztu zuen, eta epaiketan zehar gezurrezkotzat jotako frogak erabili zituen.
  • Iñaki San Juan, De Miguelen bazkidea hainbat negoziotan: 4 urte, 4 hilabete eta 15 eguneko kartzela zigorra eta 3.600 euroko isuna.
  • Josu Azkarraga Montes, kultura enpresaria: 3 urte, 9 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta 2.700 euroko isuna.
  • Jon Iñaki Echaburu, eraikitzailea: bost hilabeteko zigorra eta 53.600 euroko isuna; ez dute espetxeratuko. Hasierako zigorra bi urte eta bost hilabetekoa zen.
  • Ainhoa Bilbao, Alfredo De Miguelen emaztea: urte bat eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 178.420 euroko isuna.
  • Iratxe Gaztelu Urrutia, Koldo Otxandianoren emaztea: urte bat eta sei hilabeteko zigorra eta 178.420 euroko isuna.
  • Sergio Fernandez Oleaga, Stoa enpresako gerentea: urte bat eta sei hilabeteko zigorra eta 3.586 euroko isuna.
  • Josu Arruti Letamendia, tramaren "bitartekaria": urte bat eta 9 hilabeteko zigorra eta 162.800 euroko isuna.
  • Julian Sanchez Alegria, parke teknologikoen sareko presidentea: absoluzioa. Hasierako zigorra inhabilitazioa zen.
  • Alfonso Arriola, Miñaoko gerentea: lau urteko inhabilitazioa.
  • Maria Justina Angulo, Zanbranako alkatea 2003 eta 2007 artean: 9 urteko inhabilitazioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago