GURUTZE GORRIA

"Aurrenak gara arazoen tokira iristen, eta azkenak alde egiten"

Juanma Gallego 2022ko uzt. 30a, 06:00

Cantero boluntarioa da, eta erakundearen presidentea Araban. ARABAKO GURUTZE GORRIA

Hiriaren Urrezko Domina emango diote jaietan Arabako Gurutze Gorriari. 10.000 kide, 150 enpresa babesle, 2.000 boluntario eta 100 profesional inguru aritzen dira Araban erakunde humanitarioaren alde. Erakundeko presidentea da Jesus Cantero.

Erakundearen sorreraren 150 urte betetzen diren honetan, Gasteizko Udalak abuztuaren 5ean emango dio hiriaren Urrezko Domina Arabako Gurutze Gorriari. "Pertsona, erakunde edo korporazioek hiriari zerbitzuak emateagatik edo hari ohoreak emateagatik aurkezten dituzten aparteko merezimenduak saritzen" dira  aitortza horren bidez. Erakunde humanitarioaren kasuan, haren "ibilbide nabarmenagatik eta gehien behar duten kolektiboei eskaintzen dien dedikazioagatik" emango diote. Bertan boluntarioa da Jesus Cantero (Donostia, 1971), bai eta Arabako Gurutze Gorriaren presidentea ere.

Nola jaso duzue Urrezko Domina emango dizueten berria?

Hori jasotzeagatik asko pozten gara, noski, eta eskertzen dugu. Baina halako aitortzek ez dute egingo guk gehiago ala gutxiago lan egitea. Kanpotik etortzen zaizkigun aitortzak jaso ala ez, lanean berdin jarraitzen dugu. 

Maila pertsonalean, zerk eraman zintuen boluntario izatera?

Ikasketak bukatu nituenean, 1997 edo 1998 urtearen bueltan, denbora libre gehiago izan nuen, eta pentsatu nuen ondo zegoela besteei laguntzea. Bestetik, artean soldaduska zegoen, eta ni kontzientzia eragozlea nintzenez, aurretik hor emandako denbora konbalidatu nuen. 

Gauza andanatan murgilduta ibiltzen zarete beti. Nola kudeatzen dira horrenbeste fronte aldi berean?

Tira, askotan diogu erakunde hau izozmendi baten antzekoa dela. Ikusten da goiko punta, arreta gehien ekartzen duena. Hor sartzen dira, adibidez, anbulantziak edo osasun arreta… baina uraren azpitik askoz handiagoak gara, eta hor aise ikusten ez diren gure lanaren alor asko daude: umeak, adinekoak, formazioa, laguntza… gauza asko eta asko. Ez da hain konplikatua, boluntarioen erakunde bat izan arren, gure atzean profesional talde bat dagoelako ere, jardun hori guztia kudeatzeko. Guk pautak ezartzen ditugu, eta profesionalek lan administratiboa egiten dute pauta horiek bideratzeko.

"Gurutze Gorria izozmendi baten antzekoa da: gure lanaren zati handi bat ez da ikusten"

Zaila izango da erantzutea, baina, zein da orain gairik premiazkoena?

Asko ditugu. Errefuxiatu krisiarena da horietako bat. Ez soilik Ukrainakoak, beste herrialde askotakoak ere. Krisi energetikoa eta prezioen igoera ere gai larria da. Bada jende asko fakturak eta elikagaiak ordaindu ezin ditzakeena. Arazo ekonomikoak dituen jende asko datorkigu. Guregana etortzen den jendea modu integralean artatzen saiatzen gara. Saiatzen gara formazioa ematen, lan bat lor dezaten lagundu nahian. Seme-alabak dituztenean, eskola arrakasta deitzen duguna lantzen dugu beraiekin, klase partikularrekin, eta askari osasuntsu bat bermatuz, adibidez.  

Halakoetan, seguruenera erresistentzia batzuk aurkituko dituzue…

Bai, baina azkenean konpromisoa beti bi aldeetakoa izan behar da. Gu saiatuko gara elikagaiak edo fakturak ordaintzen, baina, modu berean, arau batzuk betetzeko eskatzen dugu, hala nola ikastaroetan parte hartzea edo jarraipen bat egin ahal izatea. 

Araban 2.000 boluntario inguru zarete. Zaila da horiek guztiak kudeatzea? 

Egia da konplikatua dela boluntarioen kudeaketa, eta erakundearen babespean mantentzea ondo formatuta eta erakundearen printzipioen arabera lan egin dezaten. Baina boluntario gehiagorekin gauza gehiago egin ahalko genituzke, noski. Azken finean, gertatzen dena gertatzen dela, aurrenak izaten gara arazoak dauden lekuetara iristen, eta azkenak alde egiten.

Baita kameren fokua beste norabait joaten denean ere…

Hain justu. Badira gai asko gaurkotasunaren barruan ez daudenak, eta, halere, guk hor jarraitzen dugu. Eta hori jende askoren ekarpenari esker egin dezakegu: Araban 10.000 bat bazkide ditugu, eta 150 enpresa kolaboratzaile… horiei esker gure jarduna modu independentean egin ahal izateko dirua daukagu erakundean gauden 2.000 boluntarioek eta 100 profesionalek. Eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Azken finean, beste pertsona batzuei laguntza ematen dieten pertsonak baino ez gara, baina, horretarako, sustengua behar dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago