Luis Carlos Orduzen Ha vuelto lana izan da aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko Kartelen Lehiaketako irabazlea. Jaiak abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dira. "Kartel original honek Zeledonek Andre Maria Zuriaren plazara egindako itzulera erakusten du. Bere zain altxatuta dauden eskuen itsasoa ikus daiteke, aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak erakutsiz", adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.
Egilea, Luis Carlos Orduz, 31 urteko diseinatzaile eta ilustratzaile gasteiztarra da eta gaur goizeko prentsaurrekoan bera ere izan da. "Diseinatzaile gisa, beti egon naiz komediatik gertu; gainera, b serieko zinemaren zaletu handia naizenez, nire ilustrazioen bidez une eta momentuak gogora ekartzen saiatzen naiz. Beti pentsatu dut oso epikoa litzatekeela hiri guztitik ikus daitekeen izaki erraldoi bat egitea kolorez betetako leherketa erakutsiz".
Orduz Diseinu Grafikoan graduatu zen garai bateko Gasteizko Arte Eskolan eta gero, zentro berean, Ilustrazioko Goi mailako Gradua egin zuen. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, lehen urratsak Gasteizko Ibilbide Muralistikoan eman zituen. Bertan, brotxaren brigada gisa parte hartu zuen eta, handik urte batzuetara, zuzendaritzako laguntzailea izan zen La noche más larga eta Lince de Zaramaga lanetan.
Gainera, Kirolak Zubiaurre taldearentzako argazkilari eta diseinatzaile gisa ere lan egin zuen eta, azken urteotan, Burman Comunicación agentzian diseinatzaile grafikoa eta Motion Graphic-a izan da. Hiriko bi taldetan gitarra jotzen du (Negra Cucaracha Terrorfolk eta Stupid Gallos) eta artea eta adierazkortasuna bere bizitzako alderdi guztietan aplikatzen saiatzen da.
Partaidetza
Kartelen lehiaketara 34 lan aurkeztu dituzte guztira. Lehen fasean, Arabako diseinu arloko hiru profesionalek osatutako epaimahaiak 4 diseinu finalista aukeratu zituen eta haietatik atera da irabazlea. Hirurek 250 euroko sari bana jasoko dute: Volver a lo grande, Paula Páezena; Muestra por fin tu sonrisa, Oskar Blancorena eta Vuelve el color a la Blanca, Markel San Martinena. Irudi irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.