Astelehenean, martxoaren 18an, Gasteizera iritsiko da 23. Korrika. Eta, ohikoa denez, Lazarraga Kultur Elkartea, GEU Elkartea eta Arabako ALEAk lekukoa elkarrekin hartuko dute hiriaren erdigunean. Aurten 1.079. kilometroa izango da euskalgintzako hiru eragileona. Aurreko edizioan bezala, Andre Maria Zuriaren plazatik Kutxi kaleko sarreraraino iritsiko da tropela; 21:55ean Gasteizko Udalaren eskutik jasoko dute lekukoa, eta handik gutxira Hala Bedi eta Gaztetxearen esku utziko dute.
Aste honetan bertan, Gasteiz Antzokiaren "berehalako" irekiera eskatu dute kultura eta euskara arloko dozenaka lagunek, joan den astean euskalgintzako eragileek egindako eskaeraren ildo beretik. Ehun bat lagunek baino gehiagok zabaldutako adierazpenaren inguruan sinadura gehiago biltzen ari dira egunotan, eskaerarekin bat egin nahi duen herritar orok bere atxikimendua eman dezan (sinatu eskaera hemen).
Hain zuzen ere, Izaskun Arrue Kulturgunea lehenbailehen irekitzeko neurriak eskatzeko baliatuko dute kilometroa Lazarragak, GEUk eta ALEAk, bai eta aurreko giroa ere. 21:00etan Ruiz de Bergaratarren Jauregiaren parean, Errementari kaleko sarreran, elkartzeko deialdia zabaldu dute, Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen aldeko argazki masiboa ateratzeko; ondoren, 21:45ak aldera lekukoaren bila abiatuko dira Andre Maria Zuriaren plazako beheko aldera.
ALEAkideen laguntza
AEKk, tokiko hedabideek eta ALEAk Korrikaren xehetasunak minutuz minutu herritarrengana helarazteko ahalegin berezia egingo duten arren, ALEAk laguntza eskatu die ALEAkide eta arabar guztiei jarraipen berezian laguntzeko, argazkiak eta bideoak bidaliz honako bideak erabilita:
- Emailez: erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora
- Whatsapp bidez: 645 66 86 02 telefono zenbakira (oraingoan ez bidali Telegram bidez, mesedez, ez baita aktibo egongo)
Informazio guztia hemen