Araban hiru sartu-irteera nagusi egingo ditu 24. Korrikak, gaur AEK-k ezagutzera eman duen ibilbideari jarraiki. Jakina denez, Atharratzetik aterako da aurtengo edizioa, martxoaren 19an, eta 29an Bilbora iritsiko da, bertan amaiera ekitaldia egiteko.
Arabako Errioxatik egingo du gurera lehen sarrera, baina ez da mugatik asko aldenduko: Moredatik sartuko da martxoaren 23ko —astelehena— ordu txikietan. Oionen, 02:25rako espero dute. Handik Ekorara joango da, eta 03:50 aldera sarrera txikia egingo du Nafarroan, Meanotik. Inguru horretako hainbat herri zeharkatu ostean, Kanpezun 5:27 aldera espero da. Mendialdetik igarota, Agurainen 10:25 inguruan hartuko dute lekukoa, eta Eginotik egingo du Nafarroarainoko azken txanpa.
Hilaren 26an —osteguna— Aiaraldera sartuko da, Artziniegatik (23:13). Amurriora sartzen denerako (0:47) ostirala izango da jada. Laudion kafea beharko dute, 03:21erako espero baita. Ondoren, Bizkai aldera egingo du.
Ostiral horretan —martxoak 27— egingo du hirugarren eta azken sarrera, Zigoititik, baina ordurako eguerdia izango da. Gopegi (12:49), Murgia (13:47), Zuhatzu-Kuartango (15:52), Argantzon (18:05) eta Trebiñu (18:56) zeharkatuz. Aurten Zaldiaranetik egingo da hiribururako sarrera, Zabalganetik (21:02). Erdialdea zeharkatu ostean, Alde Zaharrean gaueko hamaikak aldera egongo da Korrika. Errauskine bezala, 00:00etarako atera beharko da hiriburutik Durara joz, eta Legutiora larunbateko 01:21 aldera sartuko da, ondoren Gipuzkoara alde eginez eta, edizio honetan bederen, Araba utzita.
Orotara, euskararen aldeko lasterketak 2.175 kilometro egingo ditu, eta ibilbidean zehar lekukoa 3.436 aldiz igaroko da eskutik eskura. Korrikaren aplikazio ofizialean zein AEKren webgune ofizialean bertan kontsultatu daitezke ibilbide eta ordutegi guztiak.
