Gasteizko Jazz Jaialdia, ate joka

Erredakzioa 2022ko eka. 23a, 14:20
Gasteizko Jazz Jaialdiaren 45. edizioaren aurkezpen ofiziala. / Argazkia: JAZZALDIA

Hiru aste baino gutxiago falta dira: uztailaren 12tik 17ra bitartean, betiko distira berreskuratuko du Gasteizko Jazz Jaialdiaren 45. edizioak, Mendizorrotza eta Principal Antzokiko oholtzetan ikusi ahal izango diren hamalau kontzertuekin.

Musikari finkatuak, etorkizun handiko promesa gazteak eta jazza ulertzeko modu berriak eskutik helduta iritsiko dira Gasteizera 19 egun barru, Jazz Jaialdiaren 45. edizioa dela eta. Pandemiaren ostean, Mendizorrotzeko agertokia berreskuratuko du jaialdiak, bere esentziari eutsiz eta kontzertu handiak bizitzako ilusioarekin. Esperientzia jazzistiko ahaztezina eskaini nahi dute aurten, eta, hain zuzen ere, hori iragarri nahi du Javier Navarrete ilustratzaile madrildarraren kartel ofizialak.

Egungo eta etorkizuneko jazza uztartuko ditu aurtengo edizioak, eta uztailaren 12tik 17ra, astebetez, hamalau kontzertu izango dira guztira.

MENDIZORROTZA

Mendizorrotzeko kiroldegia kontzertu gogoangarrien lekuko izango da: hilaren 13tik 17ra, bost egun, bost saio eta bederatzi kontzertu, denak 20:30etik aurrera.

Eliane Elias eta Giulia Valle Ensemble

Lehen hitzordua hilaren 13an izango da, asteazkenean. Eliane Elias pianista brasildarraren gaua izango da, eta Chick Corea gogoraraziko du, iaz hil zena eta Gasteizko entzuleek gehien maite zuten musikarietako bat; Chick Corea mitikoarekin eta Chucho Valdes kubatarrarekin grabatutako Mirror mirror bere azken lana aurkeztuko du, 2022ko jazz latinoko disko onenari Grammy Saria.

Horrez gain, Giulia Valle kontrabaxu-jotzaile eta orkestra zuzendariak, Giulia Valle Ensemble bere taldearekin, zuzeneko zirraragarria eskainiko du.

 
Yazz Ahmed eta Snarky Puppy

Ostegunean, hilaren 14an, Yazz Ahmed tronpeta-jotzaile britainiar-bahreiniarrak, bere interpretazio bikainaz gain, jazzeko emakumeekin eta arabiarrekin sozialki konprometitutako konposizioak eskainiko ditu. Amerikako Estatu Batuetatik Snarky Puppy taldearen proposamena iritsiko da; txandakatzen ari diren talentu handiko 25 musikarik osatutako taldea, zuzeneko sortzaile eta kementsu batekin.

 
Arturo Sandoval eta Xavi Torres Trio

Ostiralean, uztailaren 15ean, kartelburuetako bat arituko da, mito bat: bere ibilbidean hamar Grammy sari lortu dituen Arturo Sandoval tronpeta-jotzaile kubatar bikainak bere maisutasunaren berri emango du Gasteizen. Bere jazz proposamenagatik nabarmentzen ari den herrialde bat da Katalunia. Handik iritsiko da Xavi Torres pianista, bere konposizioak hirukote formatuan aurkezteko, jazza, erritmo afrikarrak eta harmonia klasikoak uztartuz. 

 
Robet Glasper eta Theon Cross

Larunbatean, hilaren 16an, jazzarekin esperimentatzen duten musikarien eta proposamen berritzaileen eguna izango da. Robert Glasper horren adibide ona da: Texasko piano-jotzaile eta ekoizleak pandemia garaian ondutako eta kaleratu berri duen Black Radio seriearen hirugarren atala aurkeztuko du. Oholtza berean, jazz britainiarraren musikari onenen artean dagoen Theon Cross izango da, izaera berritzailearekin, eta, besteak beste, tuba, soinu baxuena proiektatzen duen metalezko instrumentua, berrabiaraziz.

 
Kase.O Jazz Magnetism

Jazzaldiaren 45. edizioa ixteko, jaialdiko hitzordurik berezienetako bat bizi ahal izango da Mendizorrotzean: igandean, uztailaren 17an, Kase.O raperoak Jazz Magnetism disko arrakastatsuaren hamargarren urteurreneko bira Gasteizera ekarriko du.

PRINCIPAL: JAZZA ANTZOKIAN

Jazzaren egungo panoramaren proposamen berritzaile eta erakusgarrienak Principal Antzokian izango dira, arratsaldero (igandean izan ezik) 17:30ean; asteartean izan ezik, egun horretan 19:30ean hasiko baita.

Inaugurazio kontzertua, asteartean, uztailaren 12an, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrari (EIJO) dagokio. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2015etik bultzatutako proiektua da, jazzaren eta euskal folklorearen etorkizuna irudikatzen duten 30 musikari gazterekin.

Asteazkenean, hilaren 13an, Yessa Karapetian pianista eta konpositore armeniarrak parte hartuko du sail honetan Rising Stars Jazz Award sari ospetsuaren azken edizioa irabazi ondoren.

Hurrengo egunean, hilaren 14an, ostegunean, Marcin Masecki pianista poloniarrak, bere herrikide Jerzy Rogiewicz bateria-jotzailearekin batera, 2018an argitaratu zuten Ragtime albuma interpretatuko du.

Ostiralean, hilaren 15ean, Jazz Times aldizkariaren inkestaren arabera 2021eko saxo tenore onena den James Brandon Lewisen soinuaz gozatzeko aukera izango dute zaleek.

Azkenik, Kassa Overall berritzaileak jarriko du ginga. Gasteizera primizian iritsiko da, abangoardiako inprobisazioa eta hip-hop eta jazz fusioa erakusteko.

JAM SAIOAK

Bestalde, Gasteizko Jazz Jaialdiak bere historiarako hainbeste une ahaztezin utzi dituzten jam session-ak ere berreskuratuko ditu aurten. Uztailaren 13tik 16ra bitartean, Cyrus Chestnuten hirukoteak Ciudad de Vitoria hotela benetako jazz-klub bihurtuko du, ustekabeko topaketei irekia.

JAZZA KALEAN

Azkenik, hiri osoa jazzaren magiaz bustitzeko ideiarekin, Prado parkean beste agertoki bat izango da, Jazza Parkean ekimenari esker. EITBren babesarekin, hainbat saio programatu dituzte, larunbatean eta igandean, 12.00etatik Mendizorrotzeko kontzertuak hasi arte. Zuzeneko emanaldiak izango dira, etenik gabekoak eta doakoak. Bertan, musika eskoletako ikasleez gain, Travellin Brothers, Magalí Sareren eta Manel Fortiá bikotea, DJ Toner 4tet-en jazz elektronikoa Erik Truffaz tronpeta-jotzaile frantses handiarekin, eta La Señora Tomasa bezalako taldeak izango dira, besteak beste.

Gainera, Jazzteiz elkartearekin elkarlanean, jaialdiak hainbat kontzertu programatu ditu hiriko hainbat tokitan, jaialdiaren aurreko asteburuan hasita. Emanaldi guztiak doakoak izango dira, zaleei bertako talentua ezagutzeko aukera emateko asmoz.

Jaialdiaren astean zehar, gainera, Iruña Jazz Brass Band arduratuko da Gasteizko kaleetan zehar egin ohi diren ibilaldiez, eta New Orleanseko estilorik jator-jatorra duen Second Line batekin amaituko da, hilaren 16an, larunbatean.

Jazza Araiara ere iritsiko da uztailaren 8an, Mikel Andueza saxofoi jotzaileak eta Javier Lopez Jaso akordeoi jotzaileak osatutako bikote bereziaren kontzertuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide