Eliane Elias, Snarky Puppy eta James Brandon Lewis izango dira Gasteizko Jazzaldian

Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 10:35
Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea eta James Brandon Lewis saxofonista. / ALEA

Jazz Jaialdiaren 45. edizioak lehen izenak baieztatu ditu: Eliane Elias pianista, Snarky Puppyren potentzia eta James Brandon Lewisen saxo irudikorra izango dira Gasteizen, uztailaren 13tik 17ra bitartean.

Gasteizko Jazz Jaialdiak bere esentzia berreskuratu nahi du aurten, bere 45. edizioa ospatzeko. Uztailaren 13tik 17ra bitartean, Mendizorrotzera itzuliko da jaialdia, eta kartelaren lehen lau izenak baieztatu ditu dagoeneko. Urtarrilean, Yessaï Karapetian piano-jotzailea iragarri ostean, gaur eman dute jazzaren munduko beste hiru izenen berri: Eliane Elias pianista ospetsua, Snarky Puppy talde instrumentala eta James Brandon Lewis saxofonista berritzaile eta irudikorra.

Jaialdia jazz programazio sendoa eratzen ari da, Principal Antzokiko arratsaldeko kontzertuekin eta Mendizorrotzeko kiroldegian gaueko saio bikoitzekin. Laster edizio honetako kartelean parte hartuko duten beste izen batzuk jakinaraziko dituzte, eta "sorpresak" egongo direla aurreratu dute. 

Eliane Elias

Zalantzarik gabe, kontzertu gogoangarrienetako bat izango da Eliane Elias (Sao Paulo, 1960) pianistarena. Brasilgo interpreteak iaz hildako Chick Corea gogora ekarriko du, Gasteizko jazz-zaleek gehien maite zuten musikarietako bat. Eliasek Chick Corea mitikoarekin eta Chucho Valdes kubatarrarekin grabatutako Mirror mirror bere azken lana aurkeztuko du Gasteizen. Disko hori 2022ko Grammy sarietarako izendatuta dago, jazz latinoko disko onenaren atalean; gainera, Eliasen amets musikala suposatu du, Corea beti bere eragin nagusietako bat izan baitzen.

Eliane Elias pianista moldakorra da. Konpositorea eta abeslaria izateaz gain, jazz ortodoxoenari, musika klasikoari edo Hego Amerikako musika herrikoiari aurre egiteko gai da. Inprobisatzeko erraztasun handiz eta teknika bikaina erabiliz, omenaldia egingo dio Mendizorrotzeko agertokia hainbestetan azaldu zen idoloari.

Snarky Puppy

Azken urteetako kritikarien zein zaleen zerrendetako buru izan da Snarky Puppy taldea. Txandakako 25 musikarik osatzen dute taldea, maila musikal handiko talentuak elkartuz. Michael League baxu-jotzaile eta konpositoreak sortu zuen 2004an, eta Texaseko Iparraldeko Unibertsitateko Jazz Ikasketen programako lagun talde gisa bezala hasi zen. Hiru urte geroago, Dallaseko gospel eta R&B komunitatearekiko ustekabeko elkargune batek erritmo funkyagoak eman zizkion bere musikari.

Arraza eta hizkuntza desberdinekin Ipar Amerikako kultura musikalak duen aukera zabala irudikatzen du. Royal Albert Hallen emandako zuzeneko azken grabazioagatik, iaz album instrumental garaikide onenaren Grammy saria lortu zuen.

James Brandon Lewis

Gaurko hirugarren iragarpena, James Brandon Lewis, une honetan munduko saxo tenorerik nabarmenena da. Bere kontzertua uztailaren 15ean izango da, ostiralean, Principal Antzokian. Jazz Times aldizkariak egindako inkesta baten arabera, 2021eko saxo tenore onena da, eta bere talentuak hainbat berrikuntza ekarri du: adibidez, DNAren egitura helikoidala islatu du Mollecular albumean, hainbat diziplinaren arteko harremana aztertzea lortuz. Publikoarekin konprometituta, jotzen duen bakoitzean azken aldia balitz bezala egiten du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide